2015-12-14

Baztango turismoaren egoera zertan den aztertzeko mahai-ingurua egin dute



Baztango turismoaren egoera zertan den aztertzeko mahai-ingurua egin dute

Larunbata goizean Elizondoko lanbide eskolan Turismoa Baztanen. Norat goaz? mahai-ingurua egin zen. Marijo Iparragirre Urruxka landetxekoa, Pello Iriarte Jauregiarte taberna kulturalekoa eta Irantzu Pastor Baztango turismo teknikaria, Mikel Sobrinoren gidaritzapean aritu  eta sektorea aztertzeko eginahala egin zuten. Hitzordua Hazitik Hozie, Baztan-Bidasoa turismo elkargoak eta EHNEk antolatu zuten.

Pello Iriartek aipatu zuenez, turismoak Baztanen tradizio luzea du. XX. Mendearen hasieran Elizondon adibidez Lazaro eta Jauregi hotelak zeuden eta ordurako Baztan “euskal arkadia” bezala ikusten zuten. Valle Inclan eta Pio Baroja orduko bisitari entzutetsuak ziren. Geroago, joan den mendeko 80. hamarraldian nekazal turismoa hasi zen, urteekin landa turismorat eboluzionatuko zuena. Marijo Iparragirrek oroitarazi zuenez egiturazko krisia bizi zuen nekazaritzarako laguntza garrantzitsua izan zen eta andre aunitzendako aukera bat soldata izateko. Ildo horretan, Irantzu Pastorrek datu argigarri batzuk eman zituen: 2014. urtean Elizondoko bulegotik 13.500 pertsona pasatu ziren eta aurten urtea 27.000 ingururekin akituko da. Betiere turismo bulegoa egunero udan bakarrik irekirik egoten dela jakinik eta gainerako sasoietan asteburuetan. Alta, oraingo joera gorakoa bada, krisiaren gogorrenean aski apal ibili zela ohartarazi zuen Iparragirrek, eta sektorea inertziaren eskuetan utziz gero,  gaur goiti ari dena bihar ustekabean gainbehera etorri daitekeela.

Turisten jatorria

Bertzalde, Irantzu Pastorrek turisten jatorriari buruz kopuru handiena Euskal Herri bertakoak direla erran zuen eta ondotik madrildarrak, kataluniarrak eta valentziarrak. Segidan estatutik kanpokoak leudeke. Turismo bulegoan galdegiten duten informazioari buruz nagusiki Elizondoko arkitekturaz eta mendi itzuli errazetaz galdegiten dutela erran zuen  eta gastronomiaz eta inguruko bertze tokietaz ere bai (Zugarramurdiko lezeak, Bertizko parke naturala, iparralde...).

Pello Iriartek turismoa ez dela ohantzeen eskaintzarat mugatzen erran zuen, turismoa zerbitzu desberdinak direla: enpresak, jatetxeak, gidariak... Horren haritik, Marijo Iparragirrek hemengo igeltsero eta zurgin aunitzek landetxeendako egiten dituzten lanak aipatu zituen eta adibide bezala ere, gasolindegiek asteburuetan ezagutzen duten gorakada.  Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana aldarrikatu zuen eta eskualde mailako lanketa ere bai, eskualdeak duen potentzialtasuna osoki garatzeko, izan ere Baztan-Bidaso  mendialdetik ia itsasoraino hedatzen den eremua baita. Irantzu Pastorrek bulkatu nahi den turismo eredua finkatzearen beharra aipatu zuen, eredu horren oinarri ideologikoak zehaztu beharra, bere iritzian turismo iraunkor eta jasangarria. Pello Iriartek, bertzalde, gure ondarea balioan paratzearen garrantzia aipatu zuen, guk baloratzen ez duguna bisitariek neketaz baloratuko dutela, euskara adibidez.


Mahai-inguruaren ondotik eztabaidarako tarte luzea izan zen: sektorean dagoen intrusismoaz, gainerako sektoreekin eduki beharreko harremanaz e.a. aritu ziren.

2015-12-10

“XXI. mendeko nekazaritza Baztanen” liburuxka kalean da


Baztango nekazaritza XXI. mendean zertan den argitzeko nahiarekin Hazitik hozie elkarteak Julen Arburua, Aitor Azkarte eta Ana Iriarte baztandar nekazari gazteekin mahai-ingurua antolatu zuen. Gogoeta horretan belaunaldi-aldaketaz, sektoreko lan-baldintzetaz, formazioaz, herri-lurretaz, nekazaritzako azpiegituretaz (hiltegia, kooperatiba...), kontsumitzaileen arduraz, bailarako gainerako sektore ekonomikoei buruzko harremanaz e.a. aritu ziren. Orduan errandakoek ondorio borobilak eskaini baino sektorea biziberritu eta indartzeko akuilu izan nahi zuten eta, modu horretan, liburuxka argitaratu da.

Argitalpen hau Metaziri kolektibo editorialaren eta Hazitik hozie tokiko garapenerako elkarte herritarraren arteko elkarlanaren emaitza da. Bi taldeak, Baztango mugimendu herritarren parte dira. Liburuxka hau ekonomia herritar, solidario eta bertokiratua sortzeko bailaran abiatu den prozesu sozialaren baitan ulertu beharra dago.

2015-11-27

TURISMOARI BURUZKO MAHAI INGURUA BAZTANEN


Turismoari buruz gogoeta egiteko Hazitik Hozie elkarteak, Baztan-Bidasoa turismo elkargoak eta EHNEk mahai-ingurua antolatu dute Elizondon. Turismoa Baztanen: norat goaz? goiburuarekin Mari Joxe Iparragirre, Pello Iriarte eta Irantzu Pastor eleketan ariko dira. 

Mari Joxe Iparragarrire Urruxka baserrikoa da, Baztanen nekazal turismoan aitzindarietakoa izan den etxekoa. Gainera Hiruak bat landetxeen elkartean eta Baztan-Bidasoa turismo elkargoan parte hartzen du. Pello Iriarte Jauregiarte ostatu-kulturaleko nagusia da eta turismo gidaria ere bai. Baztanen hainbat ibilbide gidatu egiten ditu eta turismo kulturalean eta baliabide turistikoen garapenean lana egiten du. Azkenik, Irantzu Pastor hiru urtez Baztango udalean turismo teknikari bezala lanean aritu da.

Mahai-ingurua abenduaren 12an, larunbatean, goizeko 11:00tan, Elizondoko lanbide eskolan eginen da. Iaz tenore beretsuan Hazitik hoziek XXI. mendeko nekazaritza Baztanen mahai-ingurua egin zuen, hortaz, oraingoa, aitzenekoaren segidan heldu da,helburua izanik Baztango tokiko ekonomia bulkatzea, betiere, bailarako eragileen arteko elkarlanean oinarriturik.

Nekazaritzako lanbide heziketa eskualdean

Aitor Azkarate, Jesus Angel Garcia eta Mikel Sobrino Hazitik hozie, Baztango tokiko garapenerako elkartearen izenean

Azken urte hauetan nekazaritza bera aunitz aldatu da, batez ere lana egiteko moduarengatik eta nekazari kopuruarengatik, erran daiteke gure eskualdean bazterreko sekotore bat izatera pasatzen ari dela. Urtetik urtera nekazari guttiago bizi da bere eguneroko lanetik eta gainera ikusten da sektore zaharkitua dela , ilusio faltarekin, eta ia ez dela belaunaldi aldaketarik ere ematen ari. Sozialki ere erran daiteke ez dela aktibitate bat “prestijioduna”, gazte gutti baitira lehenbiziko sektorean lan egin nahi dutenak.

Orokorrean inguruko nekazal etxeak poliki- poliki intentsifikatzen edo animali kopurua handitzen joan dira (eskualdeak ingurumenarekin duen lotura alde batera utzirik), makinaria eta estrukturetan inbertsioak eginez, eta gainera hazi eta pozoinen dependentziaren zirrikan sartu gara, behin eta berriz garapena hori dela erran baitigute. Europan sartu ginenetik gehien errepikatu diguten hitza hauxe izan da: konpetitibitatea edo leihakortasuna. Honek dakartzan ondorioak jasaten joan gara, ekoizpenak neurriz handitu eta horrekin batera gizarteari, bertako kulturari eta ingurumenari kalte handia egin diogu.

Teknikari, asesore, saltzaile eta nola ez gure erabakiek egungo egoerara erakarri gaituzte. Hainbertze jakintza mota bidean utzi ditugu, honekin batera lanpostuak, paisaia sinplifikatua, kultura, haziak, arrazak eta belaunaldi gazteen ilusioa.

Uste dugu, nekazal munduan bertze bide batzuk posible direla, horretarako heziketa garrantzitsua da. Argi baitago gurea bezalako eskualdetan, ez dela bideragarria hainbertzetan aipatu diguten leihakortasun mota hori. Bide ezberdinak aztertu beharko lirateke, ekoizpenen dibertsifikazioa, kalitatea kantitateraren aitzinean jarri behar dugu, nolabait produktu ezberdinduak ekoiztu behar ditugu. Gure paisaia, ingurumena, kultura, herriak, nekazaritza bera berreskuratu eta indartu behar ditugu. Hori guztia heziketatik abiatu beharko genuke.

Lurralde garapenerako nekazaritzak tokia behar duela uste dugu, beraz nekazaritza ekologikoa izan daiteke aterabide finko bat, horretarako heziketa oinarrizkoa izanik. Europako bertze herrialdetan nekazaritza ekologikoak badu toki garrantzitsu bat eta hemen polikiago garatzen ari bada ere, goitik doan sektorea da. Zenbait produktuetan eskaera eskaintzaren gainetik dago, beraz pasatzen den trenera upen behar dugu, berandu izan baino lehen. Ezin baitugu atzendu azpiegiturak baditugula (kooperatiba, hiltegia, albaitariak, sindikatuak etab...).

Ekoizpen eredu honek: pertsonak, herriak, kultura, ingurumena eta abar luze bat errespetzen duenak, gainera bertze sektoreekin lotura zuzena du. Hau da, landa turismoa erakargarriagoa izanen da, jakiak osasuntsuagoak lortzeko aukera gehiago izanen dugu, herriak bizitzeko erakargarriagoak izanen dira, lanpostu duinak sortuko dira etab...

Hortaz bada nekazari gazteak hezi behar ditugu, ahalik eta lotura eta errespetu handiena izanik, ingurumenarekin, ekoizpenarekin, salmentan eta nola ez pertsonengan. Beraz agroekologiako lanbide heziketa beharrezkoa ikusten dugu gure eskualdean, bertze nekazaritza bat posible eta beharrezkoa dela erakutsiz.


 Beraz agroekologiako lanbide heziketa eskualduna behar dugu!!!!

2015-10-05

Tokiko arrazetaz eta ekonomiaz piriniotar behien ferian.



Tokiko arrazetaz eta ekonomiaz piriniotar behien ferian.

Piriniotar behi-aziendaren feriaren arrimuan Hazitik hozie elkarteak Tokiko arrazak eta garapen ekonomikoa mahai-ingurua antolatu zuen larunbatean. Panpi Santa Maria, Jon Dufurrena eta Aitor Iraeta euskal xerriaz, piriniotar behiaz eta pottokaz aritu ziren. Espezie horietako bakoitzaren egoera desberdina izanik, garapen ekonomikorako aukerak ere desberdinak dituzte.
Panpi Santa Mariak erran zuenez azkeneko urteetan nagusitu den zerri zuriak gaurgero ez du zerri-industriarekin lehiatzen ahal, hala, euskal xerria, horren aldean, ingururat hobekiago moldatzen da eta kalitatezko produktua eskaintzen du. Santa Mariaren erranetan industriarekin buruz buru aritzea ezinezkoa da, hortaz, Ipar Euskal Herrian bertako produktuetan oinarriturik: Ezpeletako piperrak, Itsasuko gereziak, ardi latxak... kalitatea duten bertako markak landu nahi dituzte eta modu horretan alternatiba ekonomikoak sortu.

Piriniotar behiari buruz Jon Dufurrenak arraza desagertu hurren egotetik bizkorraldirat pasatzen ari dela erran zuen. Haragitako behietan blondak nagusi izan badira ere pittanaka-pittanaka berriz ere piriniotar behiak gero eta gehiago dira. Dufurrenak aipatu zuenez piriniotar behiak gure ingururat hobe moldatzen dira eta Baztango baserrien neurriak nolakoak diren ikusita errentagarriagoak dira.

Gainerakoan Aitor Iraetak pottokaren berri eman zuen. Pottoka kinkan dagoela erran zuen eta arraza  mantentzekotan nolabaiteko aterabide ekonomikoa bilatu behar zaiola. Helburua hori izanik, pottokaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzazkoa da. Orain artio zalditerapiarako, zalditegietan haurrendako e.a. Ibiltzen ari dira. Baina hortik harago, bertze arrazei buruz zaila du.


Santa Mariak behin eta berriz kalitatea aipatu zuen, horretan oinarrituriko irudia sortu beharra eta kontsumitzaileari buruzko berme edo garantiak. Tokikoa bulkatu behar dela nabarmendu zuen eta ekonomia birtokiratu behar dela. Baita, kontsumitzaileekin lana egin behar dagoela ere. Ildo horretan Jon Dufurrenak Nafarroako Aratxea markaren barnean Bertakoa %100 zigilua sortu nahi zutela jakinarazi zuen, modu horretan, hemengoa dena egiazki identifikatu ahal izateko.

2015-09-14

Mahai-ingurua: Tokiko arrazak eta garapen ekonomikoa



Mahai-ingurua:

Tokiko arrazak eta garapen ekonomikoa
(Euskal xerria, pottoka, pirinaika behia)

Irailaren 26an, 11:00tan Elizondoko Merkatuko plazako gorapean


Cristian Agerre (Euskal Xerria)
Aitor Iraeta (Gipuzkoako pottokazaleak elkartea)
Jon Dufurrena (Aspina)

Antolatzailea: Hazitik hozie

2015-09-04

Nekazaritza ekologikoko udako ikastaroa Baztanen



Nekazaritza ekologikoko udako ikastaroa Baztanen

Baztango udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolaturik egun hauetan “Tokiko elikadura sistema eta nekazaritza ekologikoa” udako ikastaroa egiten ari da. Denera hogeita hamar ikaslek izena ematen dute gehienak baztandarrak baina eskualdekoak, iruñerrikoak, peraltakoak, tolosakoak eta bilbokoak ere bai. Hortaz, ikastaro honek bere lehendabiziko edizioan paratutako helburuetako bat: Euskal Herri mailan  proiekzioz izatea eta eskualdez kanpoko jendeak etortzea lortu du. Nolanahi ere, helburu nagusia Baztanen tokiko garapenaren ikuspegitik abiatu den eztabaidan ekarpen berria egitea zen eta ildo horretan, ikastaroa aski aberasgarria izaten ari da izan ere tokiko elikadura sistemek bertako ekonomia indartzeko aukera ematen dute. Ildo horretan lurrari, bertako kulturari eta jendartearen beharrei lotutako nekazaritza ekologikoa etorkizuneko bidea izaten ahal da. Horretarako herritarrak, ekoizleak eta tokiko erakundeak antolatzea beharrezkoa da.

2015-08-13

Larunbatean Elutseko mindaitze komunalean zuhaitzak txertatzeko lantegia egin zen



Larunbatean Elutseko mindaitze komunalean zuhaitzak txertatzeko lantegia egin zen

Hazitik Hozie elkarteak antolaturik larunbatean zuhaitzak txertatzeko lantegi edo tailerra egin zen Elizondo eta Lekaroz arteko Eluts parajean. Aurtengo neguan elkarteko kideek Eluts izeneko inguruan 200 txertaka edo patroi baino gehiago landatu ondotik, eta, modu horretan, mindaitze komunal egitasmoa abiarazi, larunbatean, txertaketan hamar sagar barietate desberdin eta malkoa udare barietatea txertatu zituzten. Eguraldiak bat ere lagundu ez bazuen ere dozena bat lagun bildu ziren eta aski aberasgarria izan zen.

Sagar barietate hauek txertatu ziren:
1-Urte sagar
2-Udere sagar
3- San juan
4-Anis
5-Burdintxe
6-Ama sagar
7-Santio sagarra
8-Makotea
9-Narbarteko
10-Erreka sagar

2015-08-05

Elutseko mindaitze komunalean txerto lantegia eginen dute



Elutseko mindaitze komunalean txerto lantegia eginen dute

Hazitik hozie elkarteak Lekaroz eta Elizondo arteko baratze komunaletan abiarazi duen mindaitzan zuhaitzen txertatze lantegi edo tailerra eginen du larunbatean. Neguan Eluts izeneko paraje horretan espezie desberdinetako 200 txertaka edo patroi baino gehiago landatu ondotik, orain horietan txertoak eginen dituzte. Sagarretan jateko, sagardoa egiteko, dultzea egiteko eta altxatzeko sagar barietateak txertatuko dituzte. Menbrilleroetan berriz malkoa eta udaretan, jateko udareak.

Hitzordua Elutsen bertan goizeko 9:30etarako egin dute. Nahi duenak parte hartzen ahal du eta ikasteko gogoa duenak, zuhaitzak txertatzen ikasteko aukera izanen du. Halaber, norbaitek bertze barietaterik balu horien txertatzeko aukera ere izanen da.

2015-08-04

TOKIKO ELIKADURA SISTEMA ETA NEKAZARITZA EKOLOGIKOARI BURUZKO IKASTAROA ANTOLATU DU BAZTANGO UDALAK



Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batean 15 orduko ikastaroa antolatu du Baztango Udalak Irailaren hasieran. Nekazaritza ekologikoko oinarrizko kurtsoa izanen da eta ikuspegi desberdinetatik aztertuko da agroekologia: ekoizpenaren ikuspegia, eta ikuspegi ekonomiko eta soziala aztertuko dira. 

Helburua nekazaritza ekologikoa baserri mundutik atera eta gizarteratzea, ekoizpen eredu honek tokiko elikadura sisteman, garapen ekonomikoan, osasunean eta bizi kalitatean duen garrantzia nabarmenduz.
Baztango tokiko garapenean interesatua dagoen edonori zuzendua dago.
Irailaren 3 eta 4ean

2015-08-03

"HEMEN, HEMENGOAZ GOZATU" LELOA BAZTANGO PRODUKTUENDAKO



Hazitik Hozie elkartearen proposamen batetik abiatua, Baztango nekazaritzako elikagaien produktuen ekoizleei batetik eta Baztango jatetxe eta alojamenduei bertzetik, elkarlanean aritzeko deia luzatu zien Baztango Udalak Baztango produktuak bisitariei ezagutaraziz eta kalitatezko bertako produktuekin lan egitearen balio erantsia eskainiz.

Lan honen ondorioz honako ekintzak burutuko dira:

  • Bertako produktuak ezagutzeko bisitaldiak antolatu: Baztango 4 ekoizle abuztuan zehar bisitaldiak antolatu dituzte eta, horrenbestez, bisitariek produktuen ekoizpen prozesua ezagutzeko aukera izanen dute. 
  • Bertako produktuak identifikatzen dituen distintibo etaleloa: “Hemen, hemengoaz gozatu” lelopean bai turistak bai bertakoek Baztango hainbertze jatetxe eta alojamenduetan bertako produktuak dastatzeko aukera izanen dute.  Ekimen honetan parte harzen duten establezimendu kartelak eta pegatinak erabiliko dituzte modu erraz eta bisualean tokiko produktuak erabiltzen dituela adierazteko.
  • Tokiko produktuak promozionatzeko jarduera burutu: bisitariei tokiko produktuak aisialdi aukerarekin batera eskaintzeko Baztango produktuen azokak antolatuko dira. Baztangoizan irailaren 20an Amaiurren Errotaren Egunean. Elizondon irailaren 27an, Behi Azienda Piriniotarraren Lehiaketa dela eta. 


2015-06-21

IRURITAN NEKAZAL-FORMAZIO PROFESIONALAZ ETA TOKIKO GARAPENAZ ARITU ZIREN





Eskualdeko garapen ekonomikoa bulkatzeko asmoarekin nekazal sektorea eta lanbide-heziketa elkarrekin lotuz, atzo gauean Iruritan mahai-ingurua egin zen. Hazitik Hoziek eta EHNEk antolaturik, Gabriel Durruti Hazparneko laborari eskolako zuzendari ohia eta Juanma Intxaurrandieta INTIAko teknikaria Zergatik nekazal-formazio profesionala Baztan-Bidasoan? gaiaz mintzatu ziren. 

Jauregiarte ostatu-kulturaleko larrainan nekazal-formazioak sektorea bizkortzeko izan duen garrantziaz aritu zen Durruti.Laborari-eskolek laborarien seme-alabak eta hiritik zetozen ikasleak harremantzeko izan duten garrantzia aipatu zuen, hiria eta laboraria etsaiturik ez, elkarren beharra dutela aipatuz eta elkarlanerako bideak garatzeko beharra azpimarkatuz. Bertzalde Juanma Intxaurrandietak nekazaritza konbentzionalaren mugetarik ohartarazi zuen. Hala, nekazaritza ekologikoa aukera bezala aurkeztu zuen nahiz, horretarako, erakundeen inplikazioa eskasa den eta formazioa eskaintza hutsala. Hitzordurat berrogeita hamar lagun inguru hurbildu ziren tartean hezkuntza-arloko eragileak.


2015-06-04

Mahai ingurua: Zergatik nekazal formazio profesionala Baztan-Bidasoan?


Jakoba Errekondo “… gauza iraultzaile ia bakarra baratzea izatea da”







Jakoba Errekondo “… gauza iraultzaile ia bakarra baratzea izatea da”

Jakoba Errekondok Hazitik Hozieren eskutik ortziralean Bizi Baratzea liburua Iruritako Jauregiarten aurkeztu zuen. Hitzordurat hiruetan hogeita hamar lagun bildu ziren, usurbildar agronomoak herritarren artean pizten duen interesaren erakusgarri. Errekondok liburuari buruzko xehetasunak eman zituen eta, horretarako, lehenik eta behin, liburuaren muinean dauden balio batzuk aipatu zituen: elkarlana etorkizunerako aukera bakarra dela adibidez.  Ildo horretan,  gaur egun gauza iraultzaile ia bakarra baratzea izatea dela erran zuen, baratzeak jaten denaz, elikadura burujabetzaz, osasunaz, paisaia kulturalaz…  pentsarazterat eramaten baitu.  Modu berean jatea ekintza politiko eta iraultzailea dela erran zuen. Norberak jaten duena eta horiek non erosten dituen pertsonari buruz aunitz erraten duela; eta hori bera, politikariei galdegin behar zaiela nolakoak diren jakiteko, herriaren alde ari ote diren jakiteko.
Bertzalde, Bizi Baratzea liburuaz ez dela liburua erran zuen, baratzeko fruitu bat baizik; jende pila baten lana eta fruitua dela eta horregatik udaberrian heldu dela.

Solasaldia hasi baino lehen Jo ala Jo elkartekoek txalaparta saio ederra eskaini zuten.

2015-04-09

Esnea eta esnekiak egunero hartu beharreko elikagai osasuntsuak



Iraia Olabe elizondar dietista eta nutrizionistak Gasna hemengo elikagai osasuntsua solasaldia eman zuen atzo Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Baztanen egiten ari diren I. gasnaren astearen barnean, gaur egun hainbertze hedaturiko ustearen kontra esneak eta esnekiek dieta orekatu batean duten garrantziaz ohartarazi zuen. Modu horretan, elikadura osasuntsuaren piramidean esnea eta esnekiak egunero hartu beharreko elikagaien multzoan daudela aipatu zuen. Hala, esneak eta esnekiak kalitate oneko proteinak eskaintzen dituztela erran zuen, mineral eta bitamina ezberdinen iturri direla eta aise xurgatzen den gantza dutela. Horrela gauzak, adin tartearen arabera beharrak aldatzen badira ere, gomendioa egunero bizpahiru esne edo esneki errazio hartzea litzateke. Nolanahi ere, elikagai guztiekin gertatzen den bezala gakoa neurrian dago. Esneak hainbat jenderi eragiten dizkion liseriketa arazoen aitzinean bi kontu desberdindu zituen Iraiak: batetik esnearen laktosari buruzko intolerantzia eta bertzetik behi proteinei buruzko alergia. Lehenengo kasuan esnea esnekiengatik ordezkatzen ahal da bigarrenean berriz ez.

Azkenik azken urteetan hedatu diren zereal desberdinen esneei buruz produktu hauek ez direla esne erran zuen. Izatekotan edariak direla. Nutrizionalki ez dute esnearen ekarpenik egiten eta ez dute kalitate bereko eta hain xurgagarriak diren bitaminik eta proteinik ere.


Gasnaren astearen barnean gaur Baztango profesionalen eta baserrietako gasnen dastaketa lantegia eginen da. Lantegia Elizondoko lanbide eskolan eginen dute eguerdiko 12:00tan eta nahi duen guztiarendako irekirik dago.

Gasnaren astea bertako gasnak ardo ekologikoekin uztartuz hasi zuten




Baztango I. Gasnaren astearen barnean ortziral atsean Elizondoko AISE elkartean gasnak ardoekin uztartzeko saioa egin zuten. Autxitxia, Kortariko borda, Baztan eta Jauregiako ardi eta behi gasnak Lakarreko Lezaun upategiko ardo desberdinekin gurutzatu zituzten.  Edorta Lezaunek, Lezaun upategiko arduradunak, behi gasnekin hobekien hartzen duten ardoak txuriak eta gorriak direla erran zuen. Eta, hori erranik, bertaratuek dastaketa horrela hasi eta Jauregiako eta Kortariko bordako behi gasnak ardo txuri urrupaldiekin lagundu zituzten. Ondotik azkeneko lau urteetan Nafarroako Tempranillo ardo beltz  hoberena izendaturiko Lezaun beltza Baztan eta Kortariko bordako ontze-goiztiarreko ardi gasnekin jan-edan zitutzen eta, akitzeko, erreserba ardoa lau hilabete eta erdiko ontzea zuen Autxitxiako gasnarekin. Erreserba ardoaren zapore sendoagoa eginagoa dagoen gasnarekin.

Dastaketaz eta jan-edanaz gain azalpenetarako tartea izan zen. Modu horretan Jauregiako Aitor Azkaratek gasna onaren baldintza nagusia esne ona dela erran zuen, esnearen kalitatea ezinbertzekoa dela. Esnearen kalitatean faktore aunitzek eragiten dute: arrazak, deizteko baldintzak, bazkak... Baztaneko Begoña Etxandik ardiak neguan hetsirik egoten direla erran zuen pentsua janez eta udaberria etortzearekin larrerat ateratzen dituztela eta hori esnean eta gasnetan nabari dela. Kortariko bordako Julen Arburuak ardi gasnak bere egiteko tenorea duela erran zuen ardiek esnea ematen duten artean, bere kasuan azaro hondarretik uztaila hasiera artio. Kanpoko ardi arrazak berriz, urte guztia estabulaturik kontzen dituzte. Autxitxiako Ramonek bertzalde, gasnak dastatzeko tenorean baloratzen diren ezaugarri batzuk aipatu zituen.

Gainerakoan Lezaun upategiko Edortak orain 18 urtetik ardo ekologikoa egiten dutela erran zuen  eta industria agroalimentari handiaren aitzinean aukera hori defendatu zuen nekazariendako, kontsumitzaileendako eta inguruarendako hoberena delako. Modu horretan lehenagoko jarduerak eta ezagutzak berreskuratzearen garrantzia aipatu zuen. Eta datu argigarri bat eman: Nafarroako upategien %20 bankuenak direla, bertze %20 aberats berrienak eta %50 multinazionalenak.

2015-03-29

BAZTANGO GASNAREN ASTEA ETA UDABERRIKO FERIA



Egun on, Baztango Udala, Baztango Gasnagileak, Cederna Garalur eta Hazitik Hozie elkarlanean ari gara Gasnaren astea eta Udaberriko Feria antolatzeko.

Gasnaren astea lehenengo aldiz antolatzen ari gara apirilaren 2tik 9ra, elkarlanean antolatu ditugun ekitaldien bidez esnekien ekoizpenak Baztanen duen garrantzia azpimarratu nahi dugularik.

Aurtengo Udaberriko Feriako egitaraua egokitu dugu Gasnaren astearekin bat egiteko. Aldi berean Baztango hainbertze ostatu eta jatetxetan laguntzari esker eskaintza grastonomiko berezia ere eginen da egun horietan.

Aipatu behar da ere Bertan Elkartearen eta Baztan Bidasoa Elkargo Turistikoaren laguntza jaso dugula ekitaldiak bultzatzeko.

Honekin batera bidaltzen dizuegun ekitaldien egitaraua eta gaur Baztango Udaletxean egin dugun agerraldiaren argazki bat:

Informazio gehiago beharko bazenute, deitu 948580561 telefonora.

Gasnaren astea eta Udaberriko Feria


-Apirilaren 3an
19:30etan Elizondoko AISE elkartean gasna erakusketa/dastaketa eta ardo eta sagardoekin uztartzea.
Sarrera 5 euro. Tel 675 55 09 60 (Aitor)

- Apirilaren 2tik 9rat

Jauregia gasnategia
Gasna mota: behia. Esnekiak: iogurta, irabiatua eta esnea

Bisitaldia:  azalduko dugu gure eguneroko lana, Baztango antolaketa eta komunalen ustipaena, baita ere behitegi ekologikoari dagokion manejoa. Ondotik gasnategia ikusiko dugu eta azalduko dugu eraldaketaren prozesua eta akituko dugu esnekien dastaketarekin.
Prezioa: 3€ (8 urte edo gehiago dutenentzat).
Helbidea: Jauregia etxea. Aniz 31796
Bisitaldiak: apirilaren 2a eta 3a. 16:00 etan.
                apirilaren 4a. 11:00etan
Harremanetarako telefonoa: 675 55 09 60 (Aitor)

Autxitxia gasnategia

Gasna mota: ardi latxarena

Bisitaldia: Elizondoko alde zaharrean kokaturiko dagoen gasnategiko instalazioak ikusteko aukera izanen da, gasta egiteko prozesua azalduko delarik. Ondotik autxitxia gasna dastatzeko aukera izanen da.
Prezioa: 3€ (8 urte edo gehiago dutenentzat).
Helbidea: Jaime Urrutia 32. Elizondo 31700
Bisitaldiak:         apirilaren 6a eta 8a. 11:00etan.
Harremanetarako telefonoa: 657 57 61 42 (Ramon)

Kortariko gasnategia

Gasna mota: ardi latxarena eta behi esnearena

Bisitaldia: behien eta ardien egunerokoa erakutsiko da lehenik, ondotik gasna egiteko prozesua azalduko da, gasna dastatzeko aukera izango delarik. Bisitariek ere aukera izango dute ikusteko nola manejatzen den artaldea zakurrarekin. Bukatzeko txerriak hazteko gazura nola erabiltzen inguruko azalpenak emango dira.
Prezioa: 3€ (8 urte edo gehiago dutenentzat).
Helbidea: Kortaria baserria. Orabidea, 18 eta 19 kilometro artean.
Bisitaldiak:         apirilaren 2tik 7ra. 15:00etan. Hitzordua finkatzea gomendatzen da.
Harremanetarako telefonoa: 948 58 04 27/ 638 35 75 17 (Julen)

- Apirilaren 8an, “gasna, hemengo elikagi osasuntsua”  solasaldia Iraia Olabaren eskutik.

- Apirilaren 9an, dastaketa-lantegia (tailerra). Goizeko 12:00etan, Elizondoko Lanbide Eskolan eguerdiko 12:00etan. Izen emateko telefonoa 675 55 09 60 (Aitor).

- Udaberriko feria, apirilaren 10ean, urteko egitaraua egokitu da ekintza berriak gehituz:

10:00 Azienda Feria Merkatuko Plazan.   Ahari leihaketa. 
10:00-13:30  Artisautza  eta Bertako produktuen Feria Foruen Plazan
11:00 Txistulariak
11:30 Urteko ardi gasnaren mozketa eta aurkezpen ekitaldia.
11:45 Gasna lehengo moduan nola egiten zen erakustaldia.
12.00 Baztango Dantzari Ttikiak
12.30 Baztan-zopen dastatzea
13.30 Sari banaketa Merkatuko Plazan
17.00-19.00 Artisautza  eta Bertako produktuen Feria
17.00-19.00 Tailerra umeentzat


- Apirilaren 2tik 10era Baztango hainbertze jatetxe, ostatu eta landetxeekin Baztango esnekiak eskeniko dira        . Parte hartuko duten establezimenduak “Hemen hemengoaz gozatu!” lelopean arituko dira.

2015-03-10

Ekonomia mintegia krisia gainditzeko logika berrien beharrarekin akitu zuten



Ekonomia mintegia krisia gainditzeko logika berrien beharrarekin akitu zuten.


Hazitik hoziek antolatutako Baztango ekonomia mintegiaren hirugarren eta azken larunbatean egin zen eta, bertan, bizitzen ari garen alderdi desberdinetako krisiaz aritu ziren. Hala, Alex Arizkun NUPeko ekonomia irakasleak krisi ekonomikoaz gain krisi sozial eta ekologiko bat bizitzen ari garela aipatu zuen. Krisi horiek ezin dira elkarrengandik bereizi eta konponbideak ere hiruei buruzkoa izan beharko du, bertzenaz ez baita egiazko konponbiderik izanen. Modu horretan aitzineko saioetan krisi ekonomikoari buruz solastatu ondotik, larunbatean, krisi sozialari buruz aritzerakoan joan den mendeko 70. hamarkadan hasitako eskubide sozialen galeraren ondorioz desberdintasun sozialak handitzen ari direla aipatu zuen. Horri elkartasunak gibelerat egin duela gehitu zion eta kohesio soziala arrailtzen ari dela. Halaber, genero desberdintasunak handitzen ari direla erran zuen. Bertzalde krisi ekologikoari buruz lurraren mugak gainditzen ari garela ohartarazi zuen, energia iturriak, hainbat mineral eta lehengai, ura... agortzen ari garela; eta gainera sumideroak gainezkatzen. Krisiari buruz politika neoliberalak nagusitu dira zero defizitaren bila austerirate politikak bulkatuz eta sekulako hondamendi soziala eraginez. Politika sozialdemokratek laztura sozialari kasu gehiago egiten badiote ere ekonomiaren hazkunde beharrean oinarritzen dira, baina lurraren mugak ikusita hori ez da bideragarria. Hortaz, logika berriak bilatu behar dira. Erronka hor dago.

Fruta-arbolak inausteko udalaren ikastaroa





Fruta-arbolak inausteko udalaren ikastaroan 30 lagun

Baztango udalak antolaturik joan den asteburuan bigarren urtez segidan fruta-arbolak inausteko ikastaroa egin zen. Xabi Akizuren eskutik ikastaroak alderdi teoriko bat zuen eta bertzea praktikoa. Alderdi teorikoa Arizkunenean egin zuten eta praktikoa berriz Arizkungo Dutarian. Eguraldia sobera lagun izan ez bazuten ere denera bi egunetan banaturik hogeita hamar herritarrek parte hartu zuten. Fruta-arbolak inausteko tekniken ezagutzak bertze hainbat ezagutzekin batera bertako baliabideetan oinarrituriko produkzio aukeretan herritarrak trebatzeko aukera ematen du. Tokiko garapenean oinarri diren bertako herritarren prestaketa bulkatuz eta natur-baliabideen zentzuzko erabilera sustatuz.

2015-02-18

SAGARTZEA ELKARTEARI BURUZKO ERREPORTAIA NAIZ WEBGUNEAN

NAIZ webgunean erreportaia interesgarri hau irakurri dezakegu:

http://kazeta.naiz.eus/eu/info_kz/20150211/sagartzea

Sagartzea elkarteak 25 urtez tokiko sagarraren alde lan egin du. Urteetan zehar eguneroko lanari esker sagar mota ezberdinak atxeman dituzte. Gaur egun, elkarteari interesatu diren gazteengan pentsamolde aldaketa bat nabarmendu dute eta horri esker Sagartzea konturatu da elkartearen berregituraketa bat beharrezkoa dela.
Sagartzeak urtero ikastaro ezberdinak antolatzen ditu, mozketa teknikak edo txertatze prozesuak erakasteko. Pantxika Maitiak, Sagartzeko elkarteko buruak adierazten duen bezala, egindako ikastaro batean partaideen artean zazpi gazte inguruk parte hartu dutela, "ekoizleen seme-alabak adibidez".
Hitzordu horretan, Sagartzearen kidea konturatu da gazte horiei esker "belaunaldia aldatu dela". "Orain sagarrarekin lan egiten duten gazteak, afizioa lanbide bat bilakatu nahi dute. Hauek konturatu dira esku artean duten materiala ustiatzen ahal dela eta ekonomikoki etekinak ateratzen ahal dituztela. Aire fresko horrek "ondarea balorizatu nahi du, adibidez sormarka bat landuz". Azaldu den aldaketarekin, elkarteak "berregituraketaren beharra du", zehaztu du.
Hain zuzen ere, Maitiak aldarrikatu du "egitura azkartu" behar dela. Elkarteak 200 bat kideei gutuna bidali die beren kezken berri emaiteko eta parte hartzeko deia luzatzeko. "Ezin dugu galtzen utzi, urte hauetan lortu dugun guztia", adierazi du.
Bidalitako oharrean adierazi dute 2007. urteetik kideei ez dituztela kotizazioak eskatu eta horretarako 30 euroko laguntza eskatzen dute. "Elkartea bera ere nahi genuke berregituratu, aspaldian hiruzpalau gira bakarrik denetaz arduratzeko, plazer genuke taldea berritzea".
Ikastaro berria
Heldu den otsailaren 14ean, Sagartzea elkarteak Donaixtin zuhaitz fruitudunak mozteko ikastaldia antolatu du. Bestalde, otsailaren 21an Mitiriñan ere ikastaroa antolatua da. Adierazi duetenez, Sagartzeak xertatze ikastaldiak antolatuko ditu martxoan eta apirilean. 

2015-01-27

BAZTANGO EKONOMIA MINTENGIA

BAZTANGO EKONOMIA MINTENGIA

IRAKASLEA: Alenjandro Arizkun Cela, NUPeko ekononia irakaslea

EGITARAUA:

Otsailaren 21ean

1.- ¿Qué nos enseña la ciencia económica y qué nos oculta?
- El núcleo de la economía capitalista: la acumulación de beneficios.
- El circuito circular de la renta.
- El papel de las finanzas en él.
¿Qué es el dinero?
La creación de dinero
La especulación financiera
- La crítica a la economía convencional:
La Economía Ecológica
La Economía Feminista
La Economía institucional

Otsailaren 27an

2.- ¿Hay una crisis económica o hay varias crisis entrelazadas?
- Las crisis en presencia:
Económica. El estallido de la burbuja.
Social: desigualdades de renta y de cuidados.
Ecológica: medio ambiente y recursos
- Las políticas frente a la crisis:
La búsqueda del crecimiento:
La austeridad
La expansión
Buscar lógicas nuevas

Martxoaren 7an

3.- ¿Hay alternativas al crecimiento económico?
            La acumulación de capital 1800-1950
El crecimiento y la acumulación 1950-2008
El papel integrador del crecimiento
La imposibilidad del crecimiento
El decrecimiento y la búsqueda de nuevos valores


Saioa guztiak Eliozondoko Arizkunenea kultur etxean goizeko 11:00tik 13:00tarat.
Izen ematea urririk: hazitikhozie@gmail.com

Antolatzailea Hazitik hozie

2015-01-19

EKONOMIA MINTEGIA




EKONOMIA MINTEGIA


Ots 21, Zientzia ekonomikoak zer erakusten eta zer ezkutatzen digu?
Ots 28, Krisi ekonomiko bat dago edo elkar gurutzaturiko krisi aunitz?
Mar 7, Hazkunde ekonomikoari buruz alternatibarik ba al dago?

Irakaslea Alejandro Arizkun, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ekonomia irakaslea.
Saioak Arizkunenean 11:00tatik 13:00rat.
(Saioak gazteleraz izanen dira)
Izen-ematea: hazitikhozie@gmail.com
Informazio gehiago: hazitikhozie.blogspot.com