Aitor
Azkarate, Jesus Angel Garcia eta Mikel Sobrino Hazitik hozie, Baztango tokiko garapenerako elkartearen izenean
Azken urte hauetan nekazaritza bera aunitz
aldatu da, batez ere lana egiteko moduarengatik eta nekazari kopuruarengatik,
erran daiteke gure eskualdean bazterreko sekotore bat izatera pasatzen ari
dela. Urtetik urtera nekazari guttiago bizi da bere eguneroko lanetik eta
gainera ikusten da sektore zaharkitua dela , ilusio faltarekin, eta ia ez dela
belaunaldi aldaketarik ere ematen ari. Sozialki ere erran daiteke ez dela
aktibitate bat “prestijioduna”, gazte gutti baitira lehenbiziko sektorean lan
egin nahi dutenak.
Orokorrean inguruko nekazal etxeak poliki-
poliki intentsifikatzen edo animali kopurua handitzen joan dira (eskualdeak
ingurumenarekin duen lotura alde batera utzirik), makinaria eta estrukturetan
inbertsioak eginez, eta gainera hazi eta pozoinen dependentziaren zirrikan
sartu gara, behin eta berriz garapena hori dela erran baitigute. Europan sartu
ginenetik gehien errepikatu diguten hitza hauxe izan da: konpetitibitatea edo
leihakortasuna. Honek dakartzan ondorioak jasaten joan gara, ekoizpenak neurriz
handitu eta horrekin batera gizarteari, bertako kulturari eta ingurumenari kalte
handia egin diogu.
Teknikari, asesore, saltzaile eta nola ez gure
erabakiek egungo egoerara erakarri gaituzte. Hainbertze jakintza mota bidean
utzi ditugu, honekin batera lanpostuak, paisaia sinplifikatua, kultura, haziak,
arrazak eta belaunaldi gazteen ilusioa.
Uste dugu, nekazal munduan bertze bide batzuk
posible direla, horretarako heziketa garrantzitsua da. Argi baitago gurea
bezalako eskualdetan, ez dela bideragarria hainbertzetan aipatu diguten leihakortasun
mota hori. Bide ezberdinak aztertu beharko lirateke, ekoizpenen dibertsifikazioa,
kalitatea kantitateraren aitzinean jarri behar dugu, nolabait produktu ezberdinduak
ekoiztu behar ditugu. Gure paisaia, ingurumena, kultura, herriak, nekazaritza
bera berreskuratu eta indartu behar ditugu. Hori guztia heziketatik abiatu
beharko genuke.
Lurralde garapenerako nekazaritzak tokia behar
duela uste dugu, beraz nekazaritza ekologikoa izan daiteke aterabide finko bat,
horretarako heziketa oinarrizkoa izanik. Europako bertze herrialdetan
nekazaritza ekologikoak badu toki garrantzitsu bat eta hemen polikiago garatzen
ari bada ere, goitik doan sektorea da. Zenbait produktuetan eskaera eskaintzaren
gainetik dago, beraz pasatzen den trenera upen behar dugu, berandu izan baino
lehen. Ezin baitugu atzendu azpiegiturak baditugula (kooperatiba, hiltegia,
albaitariak, sindikatuak etab...).
Ekoizpen eredu honek: pertsonak, herriak,
kultura, ingurumena eta abar luze bat errespetzen duenak, gainera bertze
sektoreekin lotura zuzena du. Hau da, landa turismoa erakargarriagoa izanen da,
jakiak osasuntsuagoak lortzeko aukera gehiago izanen dugu, herriak bizitzeko
erakargarriagoak izanen dira, lanpostu duinak sortuko dira etab...
Hortaz bada nekazari gazteak hezi behar
ditugu, ahalik eta lotura eta errespetu handiena izanik, ingurumenarekin,
ekoizpenarekin, salmentan eta nola ez pertsonengan. Beraz agroekologiako
lanbide heziketa beharrezkoa ikusten dugu gure eskualdean, bertze nekazaritza
bat posible eta beharrezkoa dela erakutsiz.
Beraz agroekologiako lanbide heziketa eskualduna behar dugu!!!!