2015-12-14

Baztango turismoaren egoera zertan den aztertzeko mahai-ingurua egin dute



Baztango turismoaren egoera zertan den aztertzeko mahai-ingurua egin dute

Larunbata goizean Elizondoko lanbide eskolan Turismoa Baztanen. Norat goaz? mahai-ingurua egin zen. Marijo Iparragirre Urruxka landetxekoa, Pello Iriarte Jauregiarte taberna kulturalekoa eta Irantzu Pastor Baztango turismo teknikaria, Mikel Sobrinoren gidaritzapean aritu  eta sektorea aztertzeko eginahala egin zuten. Hitzordua Hazitik Hozie, Baztan-Bidasoa turismo elkargoak eta EHNEk antolatu zuten.

Pello Iriartek aipatu zuenez, turismoak Baztanen tradizio luzea du. XX. Mendearen hasieran Elizondon adibidez Lazaro eta Jauregi hotelak zeuden eta ordurako Baztan “euskal arkadia” bezala ikusten zuten. Valle Inclan eta Pio Baroja orduko bisitari entzutetsuak ziren. Geroago, joan den mendeko 80. hamarraldian nekazal turismoa hasi zen, urteekin landa turismorat eboluzionatuko zuena. Marijo Iparragirrek oroitarazi zuenez egiturazko krisia bizi zuen nekazaritzarako laguntza garrantzitsua izan zen eta andre aunitzendako aukera bat soldata izateko. Ildo horretan, Irantzu Pastorrek datu argigarri batzuk eman zituen: 2014. urtean Elizondoko bulegotik 13.500 pertsona pasatu ziren eta aurten urtea 27.000 ingururekin akituko da. Betiere turismo bulegoa egunero udan bakarrik irekirik egoten dela jakinik eta gainerako sasoietan asteburuetan. Alta, oraingo joera gorakoa bada, krisiaren gogorrenean aski apal ibili zela ohartarazi zuen Iparragirrek, eta sektorea inertziaren eskuetan utziz gero,  gaur goiti ari dena bihar ustekabean gainbehera etorri daitekeela.

Turisten jatorria

Bertzalde, Irantzu Pastorrek turisten jatorriari buruz kopuru handiena Euskal Herri bertakoak direla erran zuen eta ondotik madrildarrak, kataluniarrak eta valentziarrak. Segidan estatutik kanpokoak leudeke. Turismo bulegoan galdegiten duten informazioari buruz nagusiki Elizondoko arkitekturaz eta mendi itzuli errazetaz galdegiten dutela erran zuen  eta gastronomiaz eta inguruko bertze tokietaz ere bai (Zugarramurdiko lezeak, Bertizko parke naturala, iparralde...).

Pello Iriartek turismoa ez dela ohantzeen eskaintzarat mugatzen erran zuen, turismoa zerbitzu desberdinak direla: enpresak, jatetxeak, gidariak... Horren haritik, Marijo Iparragirrek hemengo igeltsero eta zurgin aunitzek landetxeendako egiten dituzten lanak aipatu zituen eta adibide bezala ere, gasolindegiek asteburuetan ezagutzen duten gorakada.  Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana aldarrikatu zuen eta eskualde mailako lanketa ere bai, eskualdeak duen potentzialtasuna osoki garatzeko, izan ere Baztan-Bidaso  mendialdetik ia itsasoraino hedatzen den eremua baita. Irantzu Pastorrek bulkatu nahi den turismo eredua finkatzearen beharra aipatu zuen, eredu horren oinarri ideologikoak zehaztu beharra, bere iritzian turismo iraunkor eta jasangarria. Pello Iriartek, bertzalde, gure ondarea balioan paratzearen garrantzia aipatu zuen, guk baloratzen ez duguna bisitariek neketaz baloratuko dutela, euskara adibidez.


Mahai-inguruaren ondotik eztabaidarako tarte luzea izan zen: sektorean dagoen intrusismoaz, gainerako sektoreekin eduki beharreko harremanaz e.a. aritu ziren.