2015-06-21

IRURITAN NEKAZAL-FORMAZIO PROFESIONALAZ ETA TOKIKO GARAPENAZ ARITU ZIREN





Eskualdeko garapen ekonomikoa bulkatzeko asmoarekin nekazal sektorea eta lanbide-heziketa elkarrekin lotuz, atzo gauean Iruritan mahai-ingurua egin zen. Hazitik Hoziek eta EHNEk antolaturik, Gabriel Durruti Hazparneko laborari eskolako zuzendari ohia eta Juanma Intxaurrandieta INTIAko teknikaria Zergatik nekazal-formazio profesionala Baztan-Bidasoan? gaiaz mintzatu ziren. 

Jauregiarte ostatu-kulturaleko larrainan nekazal-formazioak sektorea bizkortzeko izan duen garrantziaz aritu zen Durruti.Laborari-eskolek laborarien seme-alabak eta hiritik zetozen ikasleak harremantzeko izan duten garrantzia aipatu zuen, hiria eta laboraria etsaiturik ez, elkarren beharra dutela aipatuz eta elkarlanerako bideak garatzeko beharra azpimarkatuz. Bertzalde Juanma Intxaurrandietak nekazaritza konbentzionalaren mugetarik ohartarazi zuen. Hala, nekazaritza ekologikoa aukera bezala aurkeztu zuen nahiz, horretarako, erakundeen inplikazioa eskasa den eta formazioa eskaintza hutsala. Hitzordurat berrogeita hamar lagun inguru hurbildu ziren tartean hezkuntza-arloko eragileak.