Landa eremu bizien eta nekazaritza
iraunkorraren bidean
Esne sektorea ere bizirik behar dugu!
1.
Alarma guztiak piztu dira. Apirilaren 1etik DANONEk Nafarroako mendialdeko
zazpi nekazariri -tartean eskualdeko 6, horietarik 3 baztandarrak- ez die
esnerik gehiago bilduko. Hori gutti ez, Sorian 20.000 behi-buruko esne
ustiategia egin nahi dute. Lehenago, Caparroson, 5.000 burukoa inongo
zalapartarik gabe egin zuten.
2.
Azkeneko hamarraldi luzeetan nekazaritzan orohar eta esnegintzan bereziki industria
eta banatzaile handien neurriko eredua bulkatu dute. Produktibista, intentsiboa
eta industriala. Hala, gure mendialdeetako nekazariak aldiro estutuz, , bat ere
erabakitzeko ahalmenik gabe, produkzio kostuetarat ailegatzen ez diren
prezioekin, dirulaguntzen menpekotasunarekin, inbertsio handiekin eta
lan-baldintza gogorrekin, aterabiderik gabeko atakarat eraman dituzte
3.
Europako merkatu bateratuak, kuoten sistemak eta Nekazaritza Politika
Bateratuek, administrazio publikoen erabateko inplikazioarekin sektorea
egiturazko krisian sartu dute. Eta kontsumitzaileek, nekazaritzari buruzko
inongo ezagutzarik gabe, esnearengatik prezio irringarriak ordaintzeko kezkarik
ez dute izan.
4.
Kapitalista eta enpresa handien menpean ari diren Estatuek, merkatu handi eta
libreak sortzeko tratularitzan nekazari ttipien beharrak eta landa-eremuetako
komunitateen geroa ez dute egundaino serioski gogoan hartu. Hala, gure
mendialdeetako nekazaritza egitura desagertzeko bidean paratu dute
landa-eremuetan aspalditik heldu den egiturazko krisi sozial eta ekonomikoa bulkatuz.
5.
Baina nekazariak eta landa-eremuak zafratzen dituen eredu sozioekonomiko berak,
logika merkantilista eta neoliberal horrek, hirietako eta lurraldeko bertze
tokietako herritarrak eta kontsumitzaileak ere gogorki kolpatu ditu. Industria
eta banatzaile handi horiek zernahi kalitatezko elikagai saltzeko bat ere begirunerik
ez baitute. Nekazariak galtzaile, landa eremuak galtzaile eta kontsumitzaileak
eta herritar arruntak galtzaile. A ze eredua!
6.
Testuinguru horretan, mendialdeko
nekazal esplotazioak inoiz baino gehiago
industriaren beharretan direlarik, DANONEk zazpi nekazariri esne gehiagorik
bilduko ez diela erran die. Hori bai, batzuei esnea biltzetik utzi bidenabar,
bertze batzuei produkzioa handitzeko eskatu die. Lehenagotik heldu den produkzioaren
pilaketa edo kontzentrazioa azkartuz.
7.
Zalantzarik gabe, azkeneko urteetako produkzioaren pilaketak nekazal etxalde
eta lanpostuen galera ekarri du. Haatik, orain artio burrunba gutti sortu da.
Hala, orain bortz urte Caparroson 5.000 behi-buruko ustiategia egin
zutelarik inork ez zuen deus erran.
Horrela, produkzioaren pilaketan urrats berria emateaz gain, produkzioaren
deslokalizazioari buruz bide berria,
salaketa eta protestarik gabe hasi zuten. Ordura artio esnetako behiak
mendialdetako bazkaleku eta etxaldeetarat loturik baziren, orain belar bazkarik
gabeko tokierat mugitzen dituzte. Gisa horretan, Soriako 20.000 buruko
proiektua ageri zaigu, esne produkzioaren pilaketa eta deslokalizazioa inoiz
ikusi gabeko neurrietarat eramanez. 20.000 behi horiek urtero 180.000 tona esne
produzituko dute, Hego Euskal Herrian egiten denaren %60.
8.
Ageri denez, orain artioko bideak nekazaritzarik gabeko landa eremuak ekarriko
ditu.
9.
Zazpi nekazari hauek bizi dutena ez da arazo partikularra. 20.000 behi buruko
esne ustiategiaren egitea esne-sektoreko
nekazarien arazo partikularra ez denez. Jendarte osoari, landa eremuari eta
hiriguneari eragiten dioten arazoak dira. Landa eremuak bizirik atxekitzeaz ari
baikara, elikadura osasuntsua eta kalitatezkoa kontsumitzeko eskubideaz;
edozein herrik bizirauteko beharrezkoa duen elikadura burujabetzaz.
10.
Horregatik herritar guztiei zuzentzen gatzaie. Zazpi nekazari hauek orain
-baina bihar gehiago izan daitezkeenak- bizi dutenari eta 20.000 behi buruko
ustiategiak geroari buruz ekarriko duenari EZ errateko.
11.
Baina landa-eremuen etorkizunari BAI errateko. Lurrari lotutako nekazaritza
iraunkorra, enpleguaren sortzailea eta herri ttipiak bizirik atxekiko duena
bulkatzeko. Gure inguru eta bazterrak zainduko dituena, duina eta
bizi-kalitatea ekarriko duena.
12.
Guzti horregatik, nekazarien eta kontsumitzaileen arteko aliantzak bulkatu
behar dira. Landa-eremuen eta hiriguneen artekoak. Langileen eta baserritarren
artekoak. Ez gara bi gorputz, bakarra baizik. Batek min badu, gorputz osoa eri
da. EZ oraingo kinkari, BAI, landa eremu biziei eta bizitza justuari. Karrikara
atera gaitezen, gaur ASKI errateko eta, bihar, bideragarria den nekazaritza eta
jendarte eredu justua eraikitzeko.
13.
Herritar guztiak Apirilaren 1an, Elizondon atsaldeko 5tan eginen den
manifestaldirat deitzen ditugu:
Landa-eremu
bizien eta nekazaritza iraunkorraren bidean
Esne sektorea ere bizirik behar
dugu!
DEITZAILEAK:
EHNE
Hazitik Hozie
Baztan-Bidasoako ELA
Baztan-Bidasoako LAB
Baztandarra kooperatiba
Hiruak Bat landetxeen elkartea
Baztan-Bidasoa turismo elkargoa
Bertan, merkatarien elkartea
Baztandarren Biltzarra
Baztango Mendigoizaleak
Xorroxin irratiko langileak
Xaloa telebistako langileak
Baztango AEK-Suinki euskaltegiko langileak
Aroztegia eta gero zer?
Baztango Rugby Taldea
Basaburua Kirol elkartea
Jo ala Jo
Baztango Gazte Asanblada eta gaztetxea
Plazara Dantzara
Txaruta pilota elkartea
Elizondoko eskolako guraso elkartea
Ikastolako guraso elkartea
Metaziri aldizkaria
(H)ilbetza
Saharaztan
Erdiz Bizirik
Itxusi argazkilari elkartea
Amaiurko Gaztelu elkartea
Otsondo barrideen elkartea
Gaztelu kantu taldea
Erratzuko kultur elkartea
Iruritako dantzariak
Iruritako gazteak
Arizkungo gazteak
Arraiozko gazteak
Anizko Mendiarte elkartea
Berroetako Gure Ametsa elkartea
Berroetako Hegoalde elkartea
Elizondoko Aise, Erlategi, Falfarak eta Beti Zurrutak
Azpilkuetako elkartea
Lekarozko Legate elkartea