Gero eta errotuago dagoen Haziaren Egunaren aurtengo ospakizuna Lekarozen, larunbatean egin berri dute. Deialdiari erantzunez, gaian interesaturiko hamarnaka jende bildu ziren, iaz Erratzun egindako saioari segida emanez. Eguerdi aldean, giro eguzkitsu eta atseginaren arrimuan, eskola ireki berriaren aitzinaldean, haziak trukatzeko paratutako mahaian gisa guztietako haziak elkartrukatu ahal izan ziren: banabarrak, artoa, kalabaza... Eta adin desberdinetako jendeak, herrikoak eta eskualde guztikoak, haziei buruzko kezka beretsuarekin eleketa gozoan aritu ahal izan ziren. Egunaren muina hazien elkartrukea izanagatik, goizean Elutseko minditza komunalean fruta-arbolen neguko txerto ikastaroa egin zuten. Ruth Peña eta Iban Larratxearen eskutik harat hurbildutakoek amu teknikak ikasi ahal izan zituzten, bai betiko moduan: behi kaka, buztin eta trapuarekin eta ore komertzial eta zinta aislantearekin ere bai. Eguna borobiltzeko Jakoba Errekondoren mintzaldi jendetsua egin zen. Usurbildarrak eskolarat bildutako berrogei lagunen kezka eta gelderei jakintza handiarekin erantzun zien.
Agroekologia eskolaren egitarauan barnean, heldu den ortziralean, martxoaren 17an, Jo ala Jok antolaturik bertako sagardoen dastaketa eginen da Arizkungo Gamioxarrean dolarean. Dastaketa enologoen laguntzarekin eginen da, 19:00tatik aitzinerat, merendu-afari giroan.