2017-04-06

Euriari aurre eginez esne sektorearen defentsan ehunka lagun bildu dira Elizondon

Baztan-Bidasoaldeko 40 gizarte eragile, erakunde eta sindikatuk deitu zuten larunbatean
Landa eremu bizien eta nekazaritza iraunkorraren bidean, esne sektorea ere bizirik behar dugu goiburupean manifestazioa egin zen lard batean Elizondon, Baztan-Bidasoaldeko hainbat sindikatu, gizarte eragile, elkarte eta erakundek deituta. Ehunka lagunek parte hartu zuten euripean, behiak aitzinean zituztela. Aipatzekoa da azken 25 urteotan behi-esplotazioen %80a desagertu dela Baztanen. 
Apirilaren 1etik Danonek Nafarroako mendialdeko 7 nekazariri (tartean eskualdeko lau) esne gehiagorik bilduko ez diela jakinarazi ondotik eta Sorian 20.000 behi buruko esne ustiategia egiteko proiektua dagoela jakinik (lehenago Caparroson, 5.000 burukoa inongo zalapartarik gabe egin zuten), esne sektorearen etorkizunaz kezka handia piztu da.
Manifestazioa aurkezteko martxoaren 4an Elizondon egindako agerraldian aipatu zutenez, «azkeneko hamarraldi luzeetan nekazaritzan orohar eta esnegintzan partikularzki industria eta banatzaile handien neurriko eredua bulkatu dute. Produktibista, intentsiboa eta industriala. Hala, gure mendialdeetako nekazariak aldiro estutuz, aterabiderik gabeko atakarat eraman dituzte, bat ere erabakitzeko ahalmenik gabe, produkzio kostuetarat ailegatzen ez diren prezioekin, dirulaguntzei buruzko menpekotasunarekin, inbertsio handiekin eta lan-baldintza gogorrekin».
Europako merkatu bateratuak, kuoten sistemak eta Nekazaritza Politika Bateratuek, administrazio publikoen erabateko inplikazioarekin sektorea egiturazko krisian sartu dute, «eta kontsumitzaileek, nekazaritzari buruzko inongo ezagutzarik  gabe, esnearengatik prezio irringarriak ordaintzeko kezkarik ez dute izan», diote deitzaileek. «Kapitalista eta enpresa handien menpean ari diren Estatuek, merkatu handi eta libreak sortzeko tratularitzan nekazari ttipien beharrak eta landa-eremuetako komunitateen geroa ez dute egundaino serioski gogoan hartu. Hala, gure mendialdeetako nekazaritza egitura desagertzeko bidean paratu dute landa-eremuetan aspalditik heldu den egiturazko krisi sozial eta ekonomikoa bulkatuz».
Baina nekazariak eta landa-eremuak «zafratzen dituen eredu sozioekonomiko berak, logika merkantilista eta neoliberal horrek, hirietako eta lurraldeko bertze tokietako herritarrak eta kontsumitzaileak ere gogorki kolpatzen” ditueela ere salatu dute. “Industria eta banatzaile handi horiek zernahi kalitatezko elikagai saltzeko bat ere begiramendurik ez baitute. Nekazariak galtzaile, landa eremuak galtzaile eta kontsumitzaileak eta herritar arruntak galtzaile. A ze eredua!».