Sagardoaren kultura berreskuratzeko eginahalari segida
emanez, Jo ala Jok, bertako sagardoen dastaketa lantegia antolatu zuen ortziralean,
Arizkungo Gamioxarrea dolarean. Lantegian Juan Zubiarran enologoaren azalpen
teknikoak eta bertako sagardogileen sagardoak eta sagardoa egiteko moduak
uztartu zituzten. Modu horretan Berroeta, Zozaia, Arizkun, Etxalarko… sagardoen
gainean, Zubiarranek sagardoaren zapore, kolore, usaimenari… buruzko argibideak
eta zergatiak eman zituen. Horrela, sagar-barietateek, irakinaldiak, kupelak,
tenperaturak, zanpatzeko erabilitako tresnak… sagardoan zer eragin duten
esplikatu zuen.
Zubiarranen erranetan, sagardo egileak nahi duen sagardoa
egiten laguntzen dute enologoek; egileak bilatzen duen zapore, usaimenaren…
bidetik. Horregatik, sagardo txarrik ez dagoela erran zuen, norberak bilatzen
duen hori baizik.
Orain bi urte, Jo ala Joren eskutik ere, Elizondoko Aise
elkartean bertze sagardo dastaketa egin zen eta urtero Kirikoketa bestaren
arrimuan bertako sagardogileek elkarrekin egoteko tartea izaten dute.
Bertzalde, aurtengo sagardo dastaketa-lantegia Baztango
agroekologia eskola herritarraren baitan egin da. Ondoko hitzordua apirilaern
29an Anizen eginen den bazken aldizkatze ikastaroa izanen da. Ikastaroa Aitor
eta Mikel Azkaratek emanen dute, goizeko 10:00tatik hasita, Jauregian. Izena hazitikhozie@gmail.com –en ematen ahal
da. Saioaren antolatzailea Hazitik hozie elkartea da.