Erratzun Bertako hazien eguna giro onean egin zuten
Larunbatean, negu giroko eguraldiarekin Bertako haziaren eguna egin zuten
Erratzun. Modu horretan goizeko 10:30tarako Etxelebertzeko elkartearen
gerizpean hazien mahaia paratu zuten: banabarra, tomatea, kalabaza, artoa...
eta, horiek trukatzeko aukera izan zen. Ondotik Jakoba Errekondoren mintzaldia
etorri zen. Ordurako Etxelebertzeko goitiko solairua jendez bete zen eta giro
berotu, nahiz kanpoan hotza eta alimaleko haize-erauntsiak ari. Harat
hurbildutakoek usurbildar nekazal ingeniariaren Bizi Baratzea liburuaren aurkezpena interes biziz segitu ahal izan
zuten. Mintzaldia Josetxo Apezetxea erratzuarrak aurkeztu zuen eta liburua
argitaratu duen ARGIA astekariko Mikel Asurmendik ere hitza hartu zuen. Jakoba
Errekondok baratzearen eta baratzegintzaren garrantzia aipatu zituen eta,
pittanaka-pittanaka, bere komunikazioarako dohaiaz baliaturik liburuaren
barrenkiak aletu. Elikaduraren gaineko kezka eta, hortaz, baratzegintzarena,
bizimodu osasuntsu eta hobeago baterako erdigunean paratu zituen.
Gaurgero badira urte batzuk Baztan aldean
Bertako haziaren eguna egiten dena. Aurtengoa Erratzuko kultur elkarteak eta
Hazitik Hoziek antolatu dute, Erratzuko Etxelebertz elkartearen eta Erratzuko
herriaren laguntzarekin.