Amaiurren kontzentrazio partzelarioari buruzko mintzaldia egin zen
Baztango udalak antolaturik eta Amaiurko herriaren laguntzarekin, larunbat goizean Amaiurren kontzentrazio partzelarioari buruzko mintzaldia egin zen. Mikel Imazek, Nafarroako Gobernuko teknikariak, kontzentrazio partzelarioa egiteko prozedura juridiko-teknikoari buruzko argibideak eman zituen eta Jon Telletxea eta Alejandro Saldias Beintza-Labaiengo alkate eta zinegotzia, hurrenez hurren, herrian egindako kontzentrazio partzelarioaz aritu ziren. Imazek aipatu zuenez kontzentrazio partzelarioaren helburua nekazal ustiategien lur-baliabideak hobetzea da. Aldi berean, irekitzen diren bideengatik e.a. nekazal azpiegituren hobetzea ematen da. Kontzentrazio partzelario prozesua abiatzeko herri bateko erregistratutako ustiategien -ez lurren jabeen- %70ak alde egon behar du. Ondotik prozesua bera hasten da: jabegoaren ikerketa, lurren klasifikazioa, herri-lurren mugaketa, kartografia.... Prozesu guztia bideratzeko batzorde bat osatzen da zeinean teknikariez gain herritarrek hautaturiko ordezkariak ere baitauden. Jon Telletxeak Beintza-Labaingo alkateak aipatu zuenez, kontzentrazio aitzinean 2.120 lurzati zituzten herrian eta ondotik 560. Lurzati horietarat joateko bideak egin dira eta manejuak aunitz hobetu dira. Denera 2 milioi euroko inbertsioa egin zen. Imazek jakinarazi zuenez kontzentrazioko lan guztiak orain artio Nafarroako Gobernuak finantziatzen ditu. Alejandro Saldias Beintza-Labaienen kontzentrazioa hasi zelarik alkatea zen eta orduan kalapita batzuk izan baziren ere, orain gibelerat egitea ez zaiola burutik inori pasatzen erran zuen. Lurren banaketa berria egiteko denen iritziak kontuan hartzen direla nabarmendu zuen eta dagoena kontuan hartuz egiten dela. Beintza-Labaienen prozesu guztia hamar urtez luzatu zen. Bertzalde, Baztani buruz solastatuta, kontzentrazioak egitekotan, herrika egin beharko zirela aipatu zen.