Baztango Zaporeak ekimena aurkeztu dute
Ziklo osoa baserrian egiten duten Baztango hamahiru ekoizle-eraldatzaile profesional bildu dituHasiera batean hamahiru ekoizle-eraldatzaile profesional biltzen dituen Baztango Zaporeak ekimena aurkeztu dute martxoaren 18an Elizondon. Etxalde ttikien arteko elkarlana bulkatzeko lan taldea sortu dute, tokiko nekazaritza sustatzeko helburuarekin.
Ana Iriarte ekoizleak aipatu duenez, «lan talde honen oinarriak dira lurrari lotutako nekazaritza produktuak sortzea eta etxeko esplotazioak izatea, eredu industrialetik kanpo». Alde horretatik ziklo osoa egiten da baserrietan, lehengaiak sortu, behar den kasuetan eraldatu, eta saldu.
Talde ttikia izanagatik ere, nabarmentzekoa da produktuen aniztasuna: bertan egiten dira ardi, behi eta ahuntz gasnak, jogurtak, esnea, arraultzak, oilaskoak, barazkiak, sagardoa, ardoa, mermeladak, eztia, aratze eta zerri haragia, bertzeak bertze. Ana Iriartek dioenez, «Baztanen eta nekazaritzatik bizi nahi dugu kalitatezko produktuak eginez, eta bide horretan eman dugu urrats kolektibo hau, bere xumetasunean elkarlanerako akuilu izanen delakoan, bai gure artean eta baita bertze kolektibo batzuekin ere». Horregatik, salmenta zuzena edo bide laburrekoari eman diote lehentasuna eta horregatik izanen dira heldu den astean eginen den Baztango Artisauen Azokan.
Joseba Otondo alkateak, bere aldetik erran du Baztango ekonomia bere honetako jendeek egiten dutela, «beren konpromisoarekin, bakoitza bere aribide edo aktibitatean. Baztango ekonomia bizkortzeko dugunetik abiatzea beharrezkoa da eta dugun hori, pittanaka-pittanaka egituratu edo estrukturatzea, modu horretan, proiektu berriak egin ahal izateko. Horretarako, aktibitate desberdinetan ari diren jendeak elkarteetan antolatzea garrantzitsua dela uste dugu eta gisa horretan, azkeneko hilabeteetan udala Baztanen lehengaia produzitu eta transformatzen duten profesionalekin aritu da; poliki-poliki gaurkoan aurkezten dugun Baztango Zaporeak erditu artio».
Honetakoan beren lehengaia transformatzen duten nekazari profesionaletaz ari gara. Lehengaia egin, eraldatu eta merkaturatzen dutenak. Ipar Euskal Herrian aritzeko modu honek bide luzea egin du eta landa-ingurunean enplegua sortu eta mantentzeko baliagarria izan da. Eta, hori ikusirik, Iparraldean egin duten hori Baztanen bulkatu nahi dute.
Bereziki aipatzekoa da hasieratik lortu den produktuen aniztasun edo dibertsitatea. Honek, Baztanek bide honetan ibiltzeko duen potentziala erakusten du. Kalitatezko produktuak, horien egiteko behar den jakitatea, egiten den inguruaren gestioa eta paisaia… Ezbairik gabe, Baztango ekonomiari buruz arras garrantzitsua, bertze sektoreei ere euskarria ematen baitie.
Alta, gaurkoa, pausu bat bertzerik ez dela azpimarratu du Baztango alkateak: «Bide honetan sakontzeko aunitz egiteko dago, lanbide heziketa eskaintza berritu, formazio eta aholkularitza berezitua eskaini, bertako kontsumitzaileen artean kontzientzia piztu, Juanseneako teknifikazio zentroa indartu… Bailarako sektore ekonomiko desberdinen arteko elkarlana bulkatu e.a.».
Baztango Udalak prozesu guzti honetan gainerako herritar eta elkarteekin eragile izateko konpromisoa du eta horrela ari da. Baztango ekonomia bulkatzeko egiturak sortzera lagunduz eta elkarlana bulkatuz. «Tokiko ekonomia denen artean egiten baita, pausuz pausu, ttikitik handira».