2015-04-09

Esnea eta esnekiak egunero hartu beharreko elikagai osasuntsuak



Iraia Olabe elizondar dietista eta nutrizionistak Gasna hemengo elikagai osasuntsua solasaldia eman zuen atzo Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Baztanen egiten ari diren I. gasnaren astearen barnean, gaur egun hainbertze hedaturiko ustearen kontra esneak eta esnekiek dieta orekatu batean duten garrantziaz ohartarazi zuen. Modu horretan, elikadura osasuntsuaren piramidean esnea eta esnekiak egunero hartu beharreko elikagaien multzoan daudela aipatu zuen. Hala, esneak eta esnekiak kalitate oneko proteinak eskaintzen dituztela erran zuen, mineral eta bitamina ezberdinen iturri direla eta aise xurgatzen den gantza dutela. Horrela gauzak, adin tartearen arabera beharrak aldatzen badira ere, gomendioa egunero bizpahiru esne edo esneki errazio hartzea litzateke. Nolanahi ere, elikagai guztiekin gertatzen den bezala gakoa neurrian dago. Esneak hainbat jenderi eragiten dizkion liseriketa arazoen aitzinean bi kontu desberdindu zituen Iraiak: batetik esnearen laktosari buruzko intolerantzia eta bertzetik behi proteinei buruzko alergia. Lehenengo kasuan esnea esnekiengatik ordezkatzen ahal da bigarrenean berriz ez.

Azkenik azken urteetan hedatu diren zereal desberdinen esneei buruz produktu hauek ez direla esne erran zuen. Izatekotan edariak direla. Nutrizionalki ez dute esnearen ekarpenik egiten eta ez dute kalitate bereko eta hain xurgagarriak diren bitaminik eta proteinik ere.


Gasnaren astearen barnean gaur Baztango profesionalen eta baserrietako gasnen dastaketa lantegia eginen da. Lantegia Elizondoko lanbide eskolan eginen dute eguerdiko 12:00tan eta nahi duen guztiarendako irekirik dago.

Gasnaren astea bertako gasnak ardo ekologikoekin uztartuz hasi zuten




Baztango I. Gasnaren astearen barnean ortziral atsean Elizondoko AISE elkartean gasnak ardoekin uztartzeko saioa egin zuten. Autxitxia, Kortariko borda, Baztan eta Jauregiako ardi eta behi gasnak Lakarreko Lezaun upategiko ardo desberdinekin gurutzatu zituzten.  Edorta Lezaunek, Lezaun upategiko arduradunak, behi gasnekin hobekien hartzen duten ardoak txuriak eta gorriak direla erran zuen. Eta, hori erranik, bertaratuek dastaketa horrela hasi eta Jauregiako eta Kortariko bordako behi gasnak ardo txuri urrupaldiekin lagundu zituzten. Ondotik azkeneko lau urteetan Nafarroako Tempranillo ardo beltz  hoberena izendaturiko Lezaun beltza Baztan eta Kortariko bordako ontze-goiztiarreko ardi gasnekin jan-edan zitutzen eta, akitzeko, erreserba ardoa lau hilabete eta erdiko ontzea zuen Autxitxiako gasnarekin. Erreserba ardoaren zapore sendoagoa eginagoa dagoen gasnarekin.

Dastaketaz eta jan-edanaz gain azalpenetarako tartea izan zen. Modu horretan Jauregiako Aitor Azkaratek gasna onaren baldintza nagusia esne ona dela erran zuen, esnearen kalitatea ezinbertzekoa dela. Esnearen kalitatean faktore aunitzek eragiten dute: arrazak, deizteko baldintzak, bazkak... Baztaneko Begoña Etxandik ardiak neguan hetsirik egoten direla erran zuen pentsua janez eta udaberria etortzearekin larrerat ateratzen dituztela eta hori esnean eta gasnetan nabari dela. Kortariko bordako Julen Arburuak ardi gasnak bere egiteko tenorea duela erran zuen ardiek esnea ematen duten artean, bere kasuan azaro hondarretik uztaila hasiera artio. Kanpoko ardi arrazak berriz, urte guztia estabulaturik kontzen dituzte. Autxitxiako Ramonek bertzalde, gasnak dastatzeko tenorean baloratzen diren ezaugarri batzuk aipatu zituen.

Gainerakoan Lezaun upategiko Edortak orain 18 urtetik ardo ekologikoa egiten dutela erran zuen  eta industria agroalimentari handiaren aitzinean aukera hori defendatu zuen nekazariendako, kontsumitzaileendako eta inguruarendako hoberena delako. Modu horretan lehenagoko jarduerak eta ezagutzak berreskuratzearen garrantzia aipatu zuen. Eta datu argigarri bat eman: Nafarroako upategien %20 bankuenak direla, bertze %20 aberats berrienak eta %50 multinazionalenak.