2014-12-18


Izaskun Abril Cederna-Garalurreko Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko teknikariak Baztango egitura ekonomiko-produktiboari buruz solasaldia eskaini zuen asteartean Elizondoko Arizkunenean. Hazitik Hozie tokiko garepenerako taldeak antolaturiko saioan, hasteko, Cederna-Garalurren ibilbide laburra egin zuen aipatu elkartearen helburua nabarmenduz: “Nafarroako mendialdearen garapen ekonomiko eta sozial jasangarria lurraldeko eragileekin lan eginez”. Hori horrela, tokiko errealitate ekonomikoari buruz aritzeko dauden zailtasunen berri eman zuen, izan ere estatiska gehienak udalez gaindi dauden erakundeek egiten dituzte, beren kudeaketa beharren arabera, udalerri soil baten eskala gaindituz, horregatik, udalerri zehatz bati buruzko datu estatistikoak aztertzerakoan zailtasunak sortzen dira. Ohar hori eginda, hainbat datu aletu zituen eta baten bat azpimarkatze aldera gizarte segurantzan altan emanak dauden baztandarren sektorekako banaketa aipatu daiteke. Alta gehien zerbitzuen sektoreak du 1.174  pertsonekin, ondotik nekazaritza heldu da 327rekin, segidan eraikuntza 225ekin eta akitzeko industria 223rekin. Doike, zerbitzuetan administrazio publikoko langileak, zahar-etxetakoak, komertzianteak, turismoan ari direnak… sartzen dira, hortaz, aski zaku handi eta heterogeneoa da. Bertzalde, kontuan hartu behar da altan emanak diren langile horietako aunitzen aribideak Baztandik kanpo daudela.

Solasaldiaren ondotik eztabaidarako tartea ireki zen eta bertan, Izaskun Abrilek paradigma aldaketa momentuan gaudela erran zuen, aspaldiko partez lehen aldiz, seme-alabak gurasoak baino makurrago biziko direla eta oraino ez dugula horren kontzientziarik hartu.  Modu berean kanpotik konponbiderik ez dela etorriko eta bertako herritarrek iniziatiba hartu eta konponbidearen aitzindari izan behar dutela aipatu zuen. Bertzalde tokiko garapen estrategiak bideratzeko oinarrizko hiru osagai aipatu zituen: lan egiteko lurralde-eremua zein den zehaztu behar dela, tokian tokiko adostasunak eta lidergoak behar direla eta azkenik gobernantza parte hartzailea behar dela.