2016-10-25

Produkzio eredu berriak ezagutu ditu baztandar talde batek Josenearat egindako bisitaldian


Hazitik Hozie elkartearen eskutik, sendabelarrak eta infusio-belarrak egin eta merkaturatzen dituen Irunberriko enpresara joan ziren
Hazitik Hozie elkartearen eskutik ortzegunean baztandar talde batek  Irunberriko Josenea enpresa ezagutzeko ibilaldia egin zuen. Josenean sendabelarrak eta infusio-belarrak egin eta merkaturatzen dituzte. 

Ekoizpen guztia ekologikoa izateaz gain, enpresak izaera soziala du eta irabazi asmorik gabekoa da. Modu horretan ikasketarik gabeko gazteei formazioa ematen die eta jubilazioaren atarian lanik gabe gelditu direnei kotizatu ahal izateko lana ere bai. Enpresak dituen 13 hektareatan orotariko belarrak hazten dituzte: mendak, kalendulak, tomilloak... Belarrak bildu ondotik berezi eta idortzen dituzte eta ondotik infusio-aromatikoetarako, gaitzen infusiotarako, sukalderako edo kosmetikarako merkaturatzen. Bertzalde haztegiko bisitarien gela, belar-idortegia eta negutegiaren energia eguzki plakekin, haize-errota ttipiekin edo pellet galdarekin hornitzen dute; horrela, energia iraunkorraren aldeko pausua eman eta energetikoki burujabeak dira. Belar-idortegiari buruz irizpide bioklimatikoak kontuan hartuz egin dute eta belarren ekoizpen guztia ekologikoa izateaz gain biodinamikaren ezagutzak erabiltzen dituzte. Gaur egun Joseneako produktuak estatuan, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan merkaturatzen dituzte.
Hazitik Hozie elkartearendako tokiko baliabideak arrazoibidez erabiltzen duten proiektu sozioekonomikoak aski garrantzitsuak dira eta Baztanen ekonomia herritar, kooperatibo eta iraunkorra bulkatu eta enpleguak sortzeko bidea.

2016-10-05

HAZITIK HOZIE ELKARTEAK JOSENEA HAZTEGIRA BISITALDIA GIBELATU DU


Hazitik hozie elkarteak urriaren 6an Irunberriko Josenea belar haztegi eta ekoizpen enpresa sozialerat antolatutako bisitaldia bertan behera utzi du. Egun horretan Baztango oraingo eta lehengo legealdiko alkateek Nafarroako auzitegi nagusian Lekarozko Aroztegiako promotoreek paratutako salaketarengatik deklaratu beharko dutelako.

Hazitik Hozie elkartea Baztango sozioekonomia bulkatzeko sortu zen, ekonomia herritar, kooperatibo eta bertokiratua. Denbora guztian horri buruz lanean aritu da mintzaldi eta mahai-inguruak antolatuz, ikastaroak, Elutseko fruta-arbolen mindaitza-komunala…

Aroztegiako proiektuari buruz Elizondon maiatzan egin zen manifestaldirat atxekitu ginen Aroztegiako PSIS gelditzeko eta herri galdeketa egiteko eskatuz. Eskari demokratikoa zinez.

Agerikoa denez Aroztegiko proiektu urbanistikoa huts egin duen eredu sozioekonomiko baten erakusgarria da, Baztango orainaren eta geroaren kontra egiten duena. Euporako landa eremu aitzinatuetan tokiko ekonomia bertze bideetatik bulkatzen ari dira eta Baztanek bide horretatik ibili beharko luke enplegua sortuz, kohesio soziala indartuz gure ingurunea arrazoibidez baliatuz.

Gauzak horrelak Aroztegiako proiektu urbanistikoari buruzko eztabaida soziala ixilaratzeko eta proiektuaren kontra direnak kriminalizatu eta beldurtzeko enpresa promotoreak abiatu duen salaketa judizial kanpainaren erdian, Hazitik Hozie elkarteak:

  •  Urriaren 6ko Joseneako bisitaldia bertan behera uzten duondoko asterat, ortzegune 13, gibeleratuz.
  •  Salatutako guztiei elkartasuna adierazten die
  •  Urriaren 6an Iruñeko Auzitegi Nazionalean goizeko 9:30tan eginen den elkarretaratzean parte hartzeko deialdiarekin bat egiten du.

KINTOTIK ABIATUTA, EUSKAL TXERRIAK BERE SOR-MARKA LORTU DU

KINTOTIK ABIATUTA, EUSKAL TXERRIAK BERE SOR-MARKA LORTU DU

Duela hamabost urte ekin zioten Aldudeko hazle batzuek euskal txerria arrazarekin egindako xingar eta haragiari AOC labela aitortzeko lanari. Abuztuaren 17an lortu berri dute. Kintoa izenarekin, tradizioan oinarritu kalitate handiko produktua saltzen dute.
IDOIA ERASO
0824_eko_kintoa
Kintoko urdaiazpikoak jatorri deituraren pareko labela lortu du Estatu frantsesean, eta Europakoa lortzeko bidean da. Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko Kintoa eskualdearen izena hartu du AOC horrek (Appellation d’Origine Contrôlée), bertan kokatzen den Aldude bailarako hazleek 2001ean abiatutako desmartxaren emaitza baita. Euskal txerria berreskuratzea eta bertako urdaiazpikoa egiteko jakituria tradizionala oinarri hartuta produktuaren erakargarritasuna handitzea da helburua.
Xingarra definitzen hasita, Mixel Ozafrain txerri hazleak eta Bankako auzapezak bere berezitasuna, kalitatea eta gustua parte handi batean koipeak ekartzen duela azaldu du: «Gizen hori anitz sartzen da haragian, eta gaitzeko gustua ematen du. Kolorean ere badu berezitasuna, haragia gorri bizia da, zuriarekin nahasia dena. Intxaur edo hurraren gustua badu pixka bat, nahasia dena oihan azpiarenarekin. Izigarriko gustu luzea uzten du». Urdaiazpikoa produktu izarra bada ere, transformatu gabeko txerriaren haragiarentzat ere baliagarria da sor-marka.
Kintoko Sarea elkarteko kideek 2001. urtean erabaki zuten AOC labela lortzeko txostena aurkeztea. Lanbide ezberdinetako lagunak bildu ziren bertan: transformatzaileak, gizentzaileak, sortzaileak eta etxeko ekoizleak. «Orduan erabaki genuen kalitate ezagupen bat izateko sor-marka lortu behar zela, lurraldearekin lotura behar baita frogatu. Gure kasuan gizentzea kanpoan egina da gehiena, eta biziki interesantea da horri buruz lotzea», azaldu zuen Ozafrainek.
1990eko hamarkadan 8-10 bat hazle ari ziren Alduden Pierre Oteizaren inguruan, 2000. urtean 30 bat ziren, eta orain 80 bat kide dira. Sareko gehienak, 58, hazleak dira, 17k prozesu guztia egiten dute, hiru artisau erako transformatzaileak dira, eta Donibane Garaziko hiltegia eta Aldudeko lehortegi kolektiboak ere barnean daude. Labela lortu eta gero kideen kopuruak gora egiten segituko duela aurreikus daiteke.
Ibilbidearen zati luzeena eta zailena egina bada ere, oraindik ez da bukatu. Orain Europako izendapena lortu behar dute, izan ere, AOC delakoa bere horretan ez da aski, behin-behineko ezagupena da. «Europako sor-marka ez baldin bada lortzen, Frantziakoa galtzen da», azaldu du Bankako auzapezak.
Estatu frantsesean Jatorri eta Kalitatearen Institutu Nazionalak aztertzen ditu eskaerak, baita Europara eramateko ere: «Normalean AOCa lortzeko AOP (Europakoa) erdiesteko irizpideak ikusiak dira, momentu berean. Beraz, normalki ez da sorpresarik izanen». Bigarren label hori lortuko duten jakiteko data zehatzik ez da, urte bat edo bi izan daitezke. Zain egon gabe, lehen lorpen hau ospatzeko Kintoko xingarraren festa egiteko proiektua dago, 2017ko urrian.
Baldintzak
Labela lortzeko baldintzak oso zorrotzak dira, kalitate handiko produktua lortu ahal izateko: «Nola haziak diren abereak eta horrek eragina duela gustuan argia da, dudarik gabe». Arau nagusiak hauexek dira: euskal txerria arrazakoa izan behar da, besteekin gurutzatu gabea; txerriak kanpoan gizendu behar dira; hektarea bakoitzeko ezin dira 25 edo 30 buru baino gehiago egon; janariaren gehiengoa eskualdean sortutakoa izan behar da, eta abereak urte bat bederen izan behar du hil baino lehen... Urdaiazpikoa bera egiteko ere tradizioan oinarritutako baldintzak daude, lehortzeko denborari dagokionez esaterako. «Hemengo egiteko manera ere sartua da sor-markaren baldintzetan», nabarmendu du hazleak.
Izendapenaren eremua Ipar Euskal Herri osoa eta Bearno eta Landetako herri gutxi batzuk dira «historikoki han ere hazleak bazirelako», azaldu du Ozafrainek. Orotara 231 udalerri dira. «Bearno izatea inportantea zen, mozkina izateko, eta Amikuze aldea ere bai, bihiak han landatzen baitira. Gure sor-markan %70 baino gehiago lekuko janaria izan behar da, eta gure mendi eskualdean ez da hainbeste bihi egiten ahal», argitu du.
Euskal txerria arraza Estatu frantsesean 1920ko hamarkadan errekonozitu zuten, «baina badakigu gure eskualdean milaka zirela lehenagotik ere. Gero gerra ondoan kasik desagertu ziren, beste arrazek errendimendu gehiago egiten baitzuten». 1980. urtearen inguruan kontaketa egin zuten, eta 30 zerrama besterik ez zirela ikusita, hazle andana batek lanari ekin zion: «Alimaleko lana bazen berriz arraza eta teknikak eskuratzen. Gainera, hain txerri familia gutxi izanik, odolean nahastea egin behar zen».
Euskal txerriak ez ditu mugak ezagutzen, eta Hego Euskal Herriko hazleen eskutik heldutako arrazako animaliak eramaten dituzte Pirinioen iparraldera, bertan Kintoa sor-markaren gerizpean gizenduak, landuak eta salduak izateko.

http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2016-08-24/hemeroteca_articles/kintotik-abiatuta-euskal-txerriak-bere-sor-marka-lortu-du

UDAKO TURISMO BULEGOAREN JARDUERAREN BALORAZIOA



UDAKO TURISMO BULEGOAREN JARDUERAREN BALORAZIOA

Baztango Udala aurreko legealdian hasi zen urtez urteko turismo bulegoko datuak modu sistematikoan jasotzen, eta turistek eskatzen duten  informazio mota hobeto sailkatzen. Horri esker, azken 5 urteetan Purioeseneako bulegotik pasatu direnen profilak eta interesak jasoak ditugu, konparaketa eta analisirako aukera emanez. Udako denboraldia amaitzen ari garela, aurten Elizondoko Turismo Bulegora hurbildutako bisitarien datu eta ezaugarri nagusiak aurkeztu nahi ditugu.
Uztailean 4496 pertsona hurbildu ziren turismo bulegora informazio eske; iaz baino %29,08 eta duela 5 urte hurbildu zirenak bider 3,75. Igoera nabarmena izan da. Jatorriari dagokionez, aurreko urteetako argazki berdintsua dugu: %27 Euskal Herrikoa izan da, %16,73 Kataluniakoa, %10,27 Herrialde Valentziarretakoa; %7,85 Andaluziakoa eta %5,11 Aragoikoa, %6,04 atzerrikoa izanik (horietariko %42  Frantziakoak). Urteko bertze sasoietan Madrilgo jende gehiago jasotzen badugu ere, aipatu beharra dago uztailean kopuru hori ez dela guztizkoaren %2ra iristen.
Abuztuan, berriz, Turismo Bulegoan  10667 lagun izan ziren. Honek suposatzen du iaz baino %49,77 gehiago, eta duela 5 urte baino 4 aldiz gehiago.  Harrigarriago ere, aurtengo abuzutuko datua 2013. urte osoan (10583) turismo bulegotik pasatu direnena baino handiagoa izan baita. Hilabete honetan, katalaniarrek eta valentziarrek hartu diete lehen postua euskaldunei, %25,61 eta %17,76 hurrenez hurren, Euskal Herrikoen %15,62ren aitzinean.  Laugarren jatorri nabarmena Madril da, %13,10rekin, eta bortzgarrena Andaluzia (%8,77), iazkoarekin alderatuz 3 puntu igo dena. Atzerritarrak %4,07 izan dira ( horien artean %60a frantsesa).
Uztail eta abuztuan hurbildutakoen artean, %35 inguru etorri da irakurritako/ikusitako erreferentziengatik edo norbaitek gomendaturik, eta bertze hainbertze Trilogia sortutako jakinminez. Aipatu beharrekoa da turismo bulegoko bisitarien %14 inguru errepikatzailea dela, hots, Baztan lehenago ezagutu eta bueltatzea erabaki duena. Lerro orokorretan, egonaldia egitera datozenen artean Baztangoa turismo familiarra izaten da. Halaber, egun pasa datozen bisitari aunitz izaten dira.
Egonaldiaren iraupenaren arabera, interes ezberdinak dituzte bisitariek. Hala ere, orokorrean erran daiteke Baztan bere osotasunean ezagutu nahi dutela (bereziki egonaldi luzekoak): herriak, natura, kultura, ohiturak... Ibilbideak - errazak zein luzeak - gehien galdetutako gaietariko bat da; Elizondorekin batera egun pasa eta Trilogiak erakarritakoen kasuan. Baztanera etorri diren ia guztiek badute Xorroxinen berri, gune horren inguruan egiten hasi den lanketaren beharra are nabarmenago uzten duena. Baztango Done Jakue Bideak gero eta interes handiagoa pizten du, GR11rekin batera.
Datu hauetan oinarriturik irakurketa sakonagoak egin badaitezke ere, Baztango Turismo Bulegoko datuek argi eta garbi agerian uzten dute:
1.       25 urteko ibilbide luzeko fruitua da Baztanek Euskal Herri mailan eta kanpoan landa turismoan lortu duen izen ona. Behin eta berriz etortzen direnak eta bailara gomendatzen dutenak (ahoz-aho zein aldizkari eta abarren bidez) dira gure altxor nagusia. Turista hauei harrera ona egiten jarraitu behar da, gure eskaintza turistiko osoa sustatuz, kalitatea landuz. Horretarako funtsezkoa da Baztan erakargarri egiten duen izaera zaintzea: paisaia, herri kultura eta natura. Honek zalantza sakonak sortu beharko lituzke Aroztegia bezalako proiektuei buruz, Valentziar erako porrot egindako urbanizazio ereduei buruz. Berezkoa dugun izaera eta urteetako lana dira urtez urte gero eta turista gehiago ekartzen dutenak eta hori zaindu behar dugu.

2.       Baztango Trilogiaren eraginak jarraitzen du: zirkunstantzia arras positibo honek bi erronka jartzen dizkigu: (1) liburuaren eraginez Elizondon bakarrik interesaturik datozenak bailarako bertze txokoak ezagutzera bideratzea eta (2) etorkizunean bisitari hauek itzultzeko edota bailara gomendatzeko arrazoi onak ematea. Areago, heldu den udaberrian El guardián invisible filmaren estreinaldiak izan dezakeen eragin gehigarria aurreikusita.


3.       Baztanek duen kokapen estrategikoa eta  alojamendu, ostalaritza eta jardueren eskaintza zabalak publiko ezberdinak asetzeko aukera ematen du. Sektore barneko elkarlana guztion ahalmenak hobetzeko aukera emanen duelakoan, lanketa hori beharrezkoa da. Udaletik dinamizazio lan horri ekin diogu, baina zalantzarik gabe, Baztango eragile guztien inplikazioa, bakoitzak bere mailan, beharko dugu. 

BAZTANGO ESKOLETAKO JANGELETATIK TOKIKO EKONOMIAN ERAGITEN



BAZTANGO ESKOLETAKO JANGELETATIK TOKIKO EKONOMIAN ERAGITEN

Atzoko atsalde bereziki bero eta sapan Elizondoko Arizkuneneako sabaian  Baztango eskoletako jantokiei buruz aritu ziren. Hitzorduak “Eskoletako jangeletan zer jan halako Baztan” izenburua zuen eta antolatzailea Baztango udala zen. Joseba Otondo alkateak ongietorria eman eta elikadurak politika publikoetan eta tokiko ekonomian eduki beharrezko garrantzia azpimarratu zuen. Ondotik, Laura Andresena gizarte zerbitzuetako teknikariak Baztango eskoletako jantokiei buruz egindako azterketa aurkeztu zuen. Jantokia duten eskolak Amaiur, Arizkun, Erratzu, Elizondoko eskola, Baztan ikastola, Haur eskola eta Irurita dira. Eskolaz eskola datu xeheak eman zituen eta bilketaren emaitza gisa Baztanen eskoletako jantokietan egunero 392 oturdu ematen direla erran zuen, banaz bertze 4,47 euroan eta denera ikasturtean 220.000 euro inguru mugitzen direla. Halaber, kontratu mota desberdinekin, lan-aldi erdikoak eta ordukakoak denera 23 sukaldari eta zaintzaile daude. Eskoletako batzuk zerbitzua catering bidez ematen dute.

Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendariak beren esperientziaren berri eman zuen. Hogei eta hamabortz urte dira eskolan sukaldea eta jantokia dutena. Bertan sukaldatzen dute eta erosketak Baztanen egiten dituzte, horretarako hornitzaileen eta bertako ekoizleen zerrenda erabiltzen dute. Jantokia hezkuntza proiektuaren barnean txertaturik dute, horregatik, jantokiaz baino jangelaz mintzo dira. Akitzeko Miren Meoki udaleko hondakin teknikariak Bizkaiko Larrabetzuko esperientziaren berri eman zuen. Larrabetzun jangela guraso elkartearen esku dago eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako catering sisteman sartu nahi izan ez zutenez, ez dute laguntzik izaten.  Eskolako jangela osasun, hezkuntza eta tokiko ekonomia ikuspegitik lantzen dute eta horren emaitza bezala, jangela gastuaren %65 herrian gelditzen da.


Aurkezpenen ondotik harat hurbildutakoen artean Baztango eskoletako jantokiak jangela bihurtu eta tokiko ekonomia indartzeko eztabaida interesgarria egin zen. Iraila etortzekin ekimenari segida emanen diote. Helburua, bertzeren artean, eskoletako jangelek mugitzen duten ekonomiaren zati gehiena Baztanen gelditzea litzateke.

Baztango Zaporeak ekimena aurkeztu dute


Baztango Zaporeak ekimena aurkeztu dute

Ziklo osoa baserrian egiten duten Baztango hamahiru ekoizle-eraldatzaile profesional bildu ditu
Hasiera batean hamahiru ekoizle-eraldatzaile profesional biltzen dituen Baztango Zaporeak ekimena aurkeztu dute martxoaren 18an Elizondon. Etxalde ttikien arteko elkarlana bulkatzeko lan taldea sortu dute, tokiko nekazaritza sustatzeko helburuarekin.
Ana Iriarte ekoizleak aipatu duenez, «lan talde honen oinarriak dira lurrari lotutako nekazaritza produktuak sortzea eta etxeko esplotazioak izatea, eredu industrialetik kanpo». Alde horretatik ziklo osoa egiten da baserrietan, lehengaiak sortu, behar den kasuetan eraldatu, eta saldu.
Talde ttikia izanagatik ere, nabarmentzekoa da produktuen aniztasuna: bertan egiten dira ardi, behi eta ahuntz gasnak, jogurtak, esnea, arraultzak, oilaskoak, barazkiak, sagardoa, ardoa, mermeladak, eztia, aratze eta zerri haragia, bertzeak bertze. Ana Iriartek dioenez, «Baztanen eta nekazaritzatik bizi nahi dugu kalitatezko produktuak eginez, eta bide horretan eman dugu urrats kolektibo hau, bere xumetasunean elkarlanerako akuilu izanen delakoan, bai gure artean eta baita bertze kolektibo batzuekin ere». Horregatik, salmenta zuzena edo bide laburrekoari eman diote lehentasuna eta horregatik izanen dira heldu den astean eginen den Baztango Artisauen Azokan.
Joseba Otondo alkateak, bere aldetik erran du Baztango ekonomia bere honetako jendeek egiten dutela, «beren konpromisoarekin,  bakoitza bere aribide edo aktibitatean. Baztango ekonomia bizkortzeko dugunetik abiatzea beharrezkoa da eta dugun hori, pittanaka-pittanaka egituratu edo estrukturatzea, modu horretan, proiektu berriak egin ahal izateko. Horretarako, aktibitate desberdinetan ari diren jendeak elkarteetan antolatzea garrantzitsua dela uste dugu eta gisa horretan, azkeneko hilabeteetan udala Baztanen lehengaia produzitu eta transformatzen duten profesionalekin aritu da; poliki-poliki gaurkoan aurkezten dugun Baztango Zaporeak erditu artio».
Honetakoan beren lehengaia transformatzen duten nekazari profesionaletaz ari gara. Lehengaia egin, eraldatu eta merkaturatzen dutenak. Ipar Euskal Herrian aritzeko modu honek bide luzea egin du eta landa-ingurunean enplegua sortu eta mantentzeko baliagarria izan da. Eta, hori ikusirik, Iparraldean egin duten hori Baztanen bulkatu nahi dute.
Bereziki aipatzekoa da hasieratik lortu den produktuen aniztasun edo dibertsitatea. Honek, Baztanek bide honetan ibiltzeko duen potentziala erakusten du. Kalitatezko produktuak, horien egiteko behar den jakitatea, egiten den inguruaren gestioa eta paisaia… Ezbairik gabe, Baztango ekonomiari buruz arras garrantzitsua, bertze sektoreei ere euskarria ematen baitie.
Alta, gaurkoa, pausu bat bertzerik ez dela azpimarratu du Baztango alkateak: «Bide honetan sakontzeko aunitz egiteko dago, lanbide heziketa eskaintza berritu, formazio eta aholkularitza berezitua eskaini, bertako kontsumitzaileen artean kontzientzia piztu, Juanseneako teknifikazio zentroa indartu… Bailarako sektore ekonomiko desberdinen arteko elkarlana bulkatu e.a.».

Baztango Udalak prozesu guzti honetan gainerako herritar eta elkarteekin eragile izateko konpromisoa du eta horrela ari da. Baztango ekonomia bulkatzeko egiturak sortzera lagunduz eta elkarlana bulkatuz. «Tokiko ekonomia denen artean egiten baita, pausuz pausu, ttikitik handira».