2015-10-05

Tokiko arrazetaz eta ekonomiaz piriniotar behien ferian.



Tokiko arrazetaz eta ekonomiaz piriniotar behien ferian.

Piriniotar behi-aziendaren feriaren arrimuan Hazitik hozie elkarteak Tokiko arrazak eta garapen ekonomikoa mahai-ingurua antolatu zuen larunbatean. Panpi Santa Maria, Jon Dufurrena eta Aitor Iraeta euskal xerriaz, piriniotar behiaz eta pottokaz aritu ziren. Espezie horietako bakoitzaren egoera desberdina izanik, garapen ekonomikorako aukerak ere desberdinak dituzte.
Panpi Santa Mariak erran zuenez azkeneko urteetan nagusitu den zerri zuriak gaurgero ez du zerri-industriarekin lehiatzen ahal, hala, euskal xerria, horren aldean, ingururat hobekiago moldatzen da eta kalitatezko produktua eskaintzen du. Santa Mariaren erranetan industriarekin buruz buru aritzea ezinezkoa da, hortaz, Ipar Euskal Herrian bertako produktuetan oinarriturik: Ezpeletako piperrak, Itsasuko gereziak, ardi latxak... kalitatea duten bertako markak landu nahi dituzte eta modu horretan alternatiba ekonomikoak sortu.

Piriniotar behiari buruz Jon Dufurrenak arraza desagertu hurren egotetik bizkorraldirat pasatzen ari dela erran zuen. Haragitako behietan blondak nagusi izan badira ere pittanaka-pittanaka berriz ere piriniotar behiak gero eta gehiago dira. Dufurrenak aipatu zuenez piriniotar behiak gure ingururat hobe moldatzen dira eta Baztango baserrien neurriak nolakoak diren ikusita errentagarriagoak dira.

Gainerakoan Aitor Iraetak pottokaren berri eman zuen. Pottoka kinkan dagoela erran zuen eta arraza  mantentzekotan nolabaiteko aterabide ekonomikoa bilatu behar zaiola. Helburua hori izanik, pottokaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzazkoa da. Orain artio zalditerapiarako, zalditegietan haurrendako e.a. Ibiltzen ari dira. Baina hortik harago, bertze arrazei buruz zaila du.


Santa Mariak behin eta berriz kalitatea aipatu zuen, horretan oinarrituriko irudia sortu beharra eta kontsumitzaileari buruzko berme edo garantiak. Tokikoa bulkatu behar dela nabarmendu zuen eta ekonomia birtokiratu behar dela. Baita, kontsumitzaileekin lana egin behar dagoela ere. Ildo horretan Jon Dufurrenak Nafarroako Aratxea markaren barnean Bertakoa %100 zigilua sortu nahi zutela jakinarazi zuen, modu horretan, hemengoa dena egiazki identifikatu ahal izateko.

2015-09-14

Mahai-ingurua: Tokiko arrazak eta garapen ekonomikoa



Mahai-ingurua:

Tokiko arrazak eta garapen ekonomikoa
(Euskal xerria, pottoka, pirinaika behia)

Irailaren 26an, 11:00tan Elizondoko Merkatuko plazako gorapean


Cristian Agerre (Euskal Xerria)
Aitor Iraeta (Gipuzkoako pottokazaleak elkartea)
Jon Dufurrena (Aspina)

Antolatzailea: Hazitik hozie

2015-09-04

Nekazaritza ekologikoko udako ikastaroa Baztanen



Nekazaritza ekologikoko udako ikastaroa Baztanen

Baztango udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolaturik egun hauetan “Tokiko elikadura sistema eta nekazaritza ekologikoa” udako ikastaroa egiten ari da. Denera hogeita hamar ikaslek izena ematen dute gehienak baztandarrak baina eskualdekoak, iruñerrikoak, peraltakoak, tolosakoak eta bilbokoak ere bai. Hortaz, ikastaro honek bere lehendabiziko edizioan paratutako helburuetako bat: Euskal Herri mailan  proiekzioz izatea eta eskualdez kanpoko jendeak etortzea lortu du. Nolanahi ere, helburu nagusia Baztanen tokiko garapenaren ikuspegitik abiatu den eztabaidan ekarpen berria egitea zen eta ildo horretan, ikastaroa aski aberasgarria izaten ari da izan ere tokiko elikadura sistemek bertako ekonomia indartzeko aukera ematen dute. Ildo horretan lurrari, bertako kulturari eta jendartearen beharrei lotutako nekazaritza ekologikoa etorkizuneko bidea izaten ahal da. Horretarako herritarrak, ekoizleak eta tokiko erakundeak antolatzea beharrezkoa da.

2015-08-13

Larunbatean Elutseko mindaitze komunalean zuhaitzak txertatzeko lantegia egin zen



Larunbatean Elutseko mindaitze komunalean zuhaitzak txertatzeko lantegia egin zen

Hazitik Hozie elkarteak antolaturik larunbatean zuhaitzak txertatzeko lantegi edo tailerra egin zen Elizondo eta Lekaroz arteko Eluts parajean. Aurtengo neguan elkarteko kideek Eluts izeneko inguruan 200 txertaka edo patroi baino gehiago landatu ondotik, eta, modu horretan, mindaitze komunal egitasmoa abiarazi, larunbatean, txertaketan hamar sagar barietate desberdin eta malkoa udare barietatea txertatu zituzten. Eguraldiak bat ere lagundu ez bazuen ere dozena bat lagun bildu ziren eta aski aberasgarria izan zen.

Sagar barietate hauek txertatu ziren:
1-Urte sagar
2-Udere sagar
3- San juan
4-Anis
5-Burdintxe
6-Ama sagar
7-Santio sagarra
8-Makotea
9-Narbarteko
10-Erreka sagar

2015-08-05

Elutseko mindaitze komunalean txerto lantegia eginen dute



Elutseko mindaitze komunalean txerto lantegia eginen dute

Hazitik hozie elkarteak Lekaroz eta Elizondo arteko baratze komunaletan abiarazi duen mindaitzan zuhaitzen txertatze lantegi edo tailerra eginen du larunbatean. Neguan Eluts izeneko paraje horretan espezie desberdinetako 200 txertaka edo patroi baino gehiago landatu ondotik, orain horietan txertoak eginen dituzte. Sagarretan jateko, sagardoa egiteko, dultzea egiteko eta altxatzeko sagar barietateak txertatuko dituzte. Menbrilleroetan berriz malkoa eta udaretan, jateko udareak.

Hitzordua Elutsen bertan goizeko 9:30etarako egin dute. Nahi duenak parte hartzen ahal du eta ikasteko gogoa duenak, zuhaitzak txertatzen ikasteko aukera izanen du. Halaber, norbaitek bertze barietaterik balu horien txertatzeko aukera ere izanen da.

2015-08-04

TOKIKO ELIKADURA SISTEMA ETA NEKAZARITZA EKOLOGIKOARI BURUZKO IKASTAROA ANTOLATU DU BAZTANGO UDALAK



Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batean 15 orduko ikastaroa antolatu du Baztango Udalak Irailaren hasieran. Nekazaritza ekologikoko oinarrizko kurtsoa izanen da eta ikuspegi desberdinetatik aztertuko da agroekologia: ekoizpenaren ikuspegia, eta ikuspegi ekonomiko eta soziala aztertuko dira. 

Helburua nekazaritza ekologikoa baserri mundutik atera eta gizarteratzea, ekoizpen eredu honek tokiko elikadura sisteman, garapen ekonomikoan, osasunean eta bizi kalitatean duen garrantzia nabarmenduz.
Baztango tokiko garapenean interesatua dagoen edonori zuzendua dago.
Irailaren 3 eta 4ean

2015-08-03

"HEMEN, HEMENGOAZ GOZATU" LELOA BAZTANGO PRODUKTUENDAKO



Hazitik Hozie elkartearen proposamen batetik abiatua, Baztango nekazaritzako elikagaien produktuen ekoizleei batetik eta Baztango jatetxe eta alojamenduei bertzetik, elkarlanean aritzeko deia luzatu zien Baztango Udalak Baztango produktuak bisitariei ezagutaraziz eta kalitatezko bertako produktuekin lan egitearen balio erantsia eskainiz.

Lan honen ondorioz honako ekintzak burutuko dira:

  • Bertako produktuak ezagutzeko bisitaldiak antolatu: Baztango 4 ekoizle abuztuan zehar bisitaldiak antolatu dituzte eta, horrenbestez, bisitariek produktuen ekoizpen prozesua ezagutzeko aukera izanen dute. 
  • Bertako produktuak identifikatzen dituen distintibo etaleloa: “Hemen, hemengoaz gozatu” lelopean bai turistak bai bertakoek Baztango hainbertze jatetxe eta alojamenduetan bertako produktuak dastatzeko aukera izanen dute.  Ekimen honetan parte harzen duten establezimendu kartelak eta pegatinak erabiliko dituzte modu erraz eta bisualean tokiko produktuak erabiltzen dituela adierazteko.
  • Tokiko produktuak promozionatzeko jarduera burutu: bisitariei tokiko produktuak aisialdi aukerarekin batera eskaintzeko Baztango produktuen azokak antolatuko dira. Baztangoizan irailaren 20an Amaiurren Errotaren Egunean. Elizondon irailaren 27an, Behi Azienda Piriniotarraren Lehiaketa dela eta.