2015-08-13

Larunbatean Elutseko mindaitze komunalean zuhaitzak txertatzeko lantegia egin zen



Larunbatean Elutseko mindaitze komunalean zuhaitzak txertatzeko lantegia egin zen

Hazitik Hozie elkarteak antolaturik larunbatean zuhaitzak txertatzeko lantegi edo tailerra egin zen Elizondo eta Lekaroz arteko Eluts parajean. Aurtengo neguan elkarteko kideek Eluts izeneko inguruan 200 txertaka edo patroi baino gehiago landatu ondotik, eta, modu horretan, mindaitze komunal egitasmoa abiarazi, larunbatean, txertaketan hamar sagar barietate desberdin eta malkoa udare barietatea txertatu zituzten. Eguraldiak bat ere lagundu ez bazuen ere dozena bat lagun bildu ziren eta aski aberasgarria izan zen.

Sagar barietate hauek txertatu ziren:
1-Urte sagar
2-Udere sagar
3- San juan
4-Anis
5-Burdintxe
6-Ama sagar
7-Santio sagarra
8-Makotea
9-Narbarteko
10-Erreka sagar

2015-08-05

Elutseko mindaitze komunalean txerto lantegia eginen dute



Elutseko mindaitze komunalean txerto lantegia eginen dute

Hazitik hozie elkarteak Lekaroz eta Elizondo arteko baratze komunaletan abiarazi duen mindaitzan zuhaitzen txertatze lantegi edo tailerra eginen du larunbatean. Neguan Eluts izeneko paraje horretan espezie desberdinetako 200 txertaka edo patroi baino gehiago landatu ondotik, orain horietan txertoak eginen dituzte. Sagarretan jateko, sagardoa egiteko, dultzea egiteko eta altxatzeko sagar barietateak txertatuko dituzte. Menbrilleroetan berriz malkoa eta udaretan, jateko udareak.

Hitzordua Elutsen bertan goizeko 9:30etarako egin dute. Nahi duenak parte hartzen ahal du eta ikasteko gogoa duenak, zuhaitzak txertatzen ikasteko aukera izanen du. Halaber, norbaitek bertze barietaterik balu horien txertatzeko aukera ere izanen da.

2015-08-04

TOKIKO ELIKADURA SISTEMA ETA NEKAZARITZA EKOLOGIKOARI BURUZKO IKASTAROA ANTOLATU DU BAZTANGO UDALAK



Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batean 15 orduko ikastaroa antolatu du Baztango Udalak Irailaren hasieran. Nekazaritza ekologikoko oinarrizko kurtsoa izanen da eta ikuspegi desberdinetatik aztertuko da agroekologia: ekoizpenaren ikuspegia, eta ikuspegi ekonomiko eta soziala aztertuko dira. 

Helburua nekazaritza ekologikoa baserri mundutik atera eta gizarteratzea, ekoizpen eredu honek tokiko elikadura sisteman, garapen ekonomikoan, osasunean eta bizi kalitatean duen garrantzia nabarmenduz.
Baztango tokiko garapenean interesatua dagoen edonori zuzendua dago.
Irailaren 3 eta 4ean

2015-08-03

"HEMEN, HEMENGOAZ GOZATU" LELOA BAZTANGO PRODUKTUENDAKO



Hazitik Hozie elkartearen proposamen batetik abiatua, Baztango nekazaritzako elikagaien produktuen ekoizleei batetik eta Baztango jatetxe eta alojamenduei bertzetik, elkarlanean aritzeko deia luzatu zien Baztango Udalak Baztango produktuak bisitariei ezagutaraziz eta kalitatezko bertako produktuekin lan egitearen balio erantsia eskainiz.

Lan honen ondorioz honako ekintzak burutuko dira:

  • Bertako produktuak ezagutzeko bisitaldiak antolatu: Baztango 4 ekoizle abuztuan zehar bisitaldiak antolatu dituzte eta, horrenbestez, bisitariek produktuen ekoizpen prozesua ezagutzeko aukera izanen dute. 
  • Bertako produktuak identifikatzen dituen distintibo etaleloa: “Hemen, hemengoaz gozatu” lelopean bai turistak bai bertakoek Baztango hainbertze jatetxe eta alojamenduetan bertako produktuak dastatzeko aukera izanen dute.  Ekimen honetan parte harzen duten establezimendu kartelak eta pegatinak erabiliko dituzte modu erraz eta bisualean tokiko produktuak erabiltzen dituela adierazteko.
  • Tokiko produktuak promozionatzeko jarduera burutu: bisitariei tokiko produktuak aisialdi aukerarekin batera eskaintzeko Baztango produktuen azokak antolatuko dira. Baztangoizan irailaren 20an Amaiurren Errotaren Egunean. Elizondon irailaren 27an, Behi Azienda Piriniotarraren Lehiaketa dela eta. 


2015-06-21

IRURITAN NEKAZAL-FORMAZIO PROFESIONALAZ ETA TOKIKO GARAPENAZ ARITU ZIREN





Eskualdeko garapen ekonomikoa bulkatzeko asmoarekin nekazal sektorea eta lanbide-heziketa elkarrekin lotuz, atzo gauean Iruritan mahai-ingurua egin zen. Hazitik Hoziek eta EHNEk antolaturik, Gabriel Durruti Hazparneko laborari eskolako zuzendari ohia eta Juanma Intxaurrandieta INTIAko teknikaria Zergatik nekazal-formazio profesionala Baztan-Bidasoan? gaiaz mintzatu ziren. 

Jauregiarte ostatu-kulturaleko larrainan nekazal-formazioak sektorea bizkortzeko izan duen garrantziaz aritu zen Durruti.Laborari-eskolek laborarien seme-alabak eta hiritik zetozen ikasleak harremantzeko izan duten garrantzia aipatu zuen, hiria eta laboraria etsaiturik ez, elkarren beharra dutela aipatuz eta elkarlanerako bideak garatzeko beharra azpimarkatuz. Bertzalde Juanma Intxaurrandietak nekazaritza konbentzionalaren mugetarik ohartarazi zuen. Hala, nekazaritza ekologikoa aukera bezala aurkeztu zuen nahiz, horretarako, erakundeen inplikazioa eskasa den eta formazioa eskaintza hutsala. Hitzordurat berrogeita hamar lagun inguru hurbildu ziren tartean hezkuntza-arloko eragileak.


2015-06-04

Mahai ingurua: Zergatik nekazal formazio profesionala Baztan-Bidasoan?


Jakoba Errekondo “… gauza iraultzaile ia bakarra baratzea izatea da”







Jakoba Errekondo “… gauza iraultzaile ia bakarra baratzea izatea da”

Jakoba Errekondok Hazitik Hozieren eskutik ortziralean Bizi Baratzea liburua Iruritako Jauregiarten aurkeztu zuen. Hitzordurat hiruetan hogeita hamar lagun bildu ziren, usurbildar agronomoak herritarren artean pizten duen interesaren erakusgarri. Errekondok liburuari buruzko xehetasunak eman zituen eta, horretarako, lehenik eta behin, liburuaren muinean dauden balio batzuk aipatu zituen: elkarlana etorkizunerako aukera bakarra dela adibidez.  Ildo horretan,  gaur egun gauza iraultzaile ia bakarra baratzea izatea dela erran zuen, baratzeak jaten denaz, elikadura burujabetzaz, osasunaz, paisaia kulturalaz…  pentsarazterat eramaten baitu.  Modu berean jatea ekintza politiko eta iraultzailea dela erran zuen. Norberak jaten duena eta horiek non erosten dituen pertsonari buruz aunitz erraten duela; eta hori bera, politikariei galdegin behar zaiela nolakoak diren jakiteko, herriaren alde ari ote diren jakiteko.
Bertzalde, Bizi Baratzea liburuaz ez dela liburua erran zuen, baratzeko fruitu bat baizik; jende pila baten lana eta fruitua dela eta horregatik udaberrian heldu dela.

Solasaldia hasi baino lehen Jo ala Jo elkartekoek txalaparta saio ederra eskaini zuten.