Tokiko arrazetaz eta ekonomiaz
piriniotar behien ferian.
Piriniotar behi-aziendaren feriaren arrimuan
Hazitik hozie elkarteak Tokiko arrazak eta garapen ekonomikoa mahai-ingurua
antolatu zuen larunbatean. Panpi Santa Maria, Jon Dufurrena eta Aitor Iraeta
euskal xerriaz, piriniotar behiaz eta pottokaz aritu ziren. Espezie horietako
bakoitzaren egoera desberdina izanik, garapen ekonomikorako aukerak ere
desberdinak dituzte.
Panpi Santa Mariak erran zuenez azkeneko
urteetan nagusitu den zerri zuriak gaurgero ez du zerri-industriarekin
lehiatzen ahal, hala, euskal xerria, horren aldean, ingururat hobekiago
moldatzen da eta kalitatezko produktua eskaintzen du. Santa Mariaren erranetan
industriarekin buruz buru aritzea ezinezkoa da, hortaz, Ipar Euskal Herrian
bertako produktuetan oinarriturik: Ezpeletako piperrak, Itsasuko gereziak, ardi
latxak... kalitatea duten bertako markak landu nahi dituzte eta modu horretan
alternatiba ekonomikoak sortu.
Piriniotar behiari buruz Jon Dufurrenak arraza
desagertu hurren egotetik bizkorraldirat pasatzen ari dela erran zuen. Haragitako
behietan blondak nagusi izan badira ere pittanaka-pittanaka berriz ere
piriniotar behiak gero eta gehiago dira. Dufurrenak aipatu zuenez piriniotar
behiak gure ingururat hobe moldatzen dira eta Baztango baserrien neurriak
nolakoak diren ikusita errentagarriagoak dira.
Gainerakoan Aitor Iraetak pottokaren berri eman
zuen. Pottoka kinkan dagoela erran zuen eta arraza mantentzekotan nolabaiteko aterabide
ekonomikoa bilatu behar zaiola. Helburua hori izanik, pottokaren bideragarritasun
ekonomikoa zalantzazkoa da. Orain artio zalditerapiarako, zalditegietan
haurrendako e.a. Ibiltzen ari dira. Baina hortik harago, bertze arrazei buruz
zaila du.
Santa Mariak behin eta berriz kalitatea aipatu
zuen, horretan oinarrituriko irudia sortu beharra eta kontsumitzaileari buruzko
berme edo garantiak. Tokikoa bulkatu behar dela nabarmendu zuen eta ekonomia
birtokiratu behar dela. Baita, kontsumitzaileekin lana egin behar dagoela ere.
Ildo horretan Jon Dufurrenak Nafarroako Aratxea markaren barnean Bertakoa %100
zigilua sortu nahi zutela jakinarazi zuen, modu horretan, hemengoa dena egiazki
identifikatu ahal izateko.